Sexu aholkularitza gunea izango du Usurbilek, urtarriletik aurrera

Noaua Aldizkaria 2011ko abe. 1a, 00:00

Arreta eta informazio zerbitzua, heziketa eta sentsibilizazioa bultzatuko dituen sexu aholkularitza gunea izango du Usurbilek, urte berria hastearekin batera. Elena Jimenez Sexune elkarteko sexologoa arduratuko da sexu-aholkularitza gune berriaz. Hiru lan ildo nagusi jorratu nahi dituzte, gune berriaren bidez. Alde batetik, herritarrei zuzenduriko arreta zerbitzua egongo da. Alor honetako heziketa ere bultzatu nahi da, formazio jardueren bidez. Hirugarren lan ildo nagusia sentsibilizazioa izango da.


Herriko eragile eta erakundeekin elkarlana sustatu nahi da gune honetatik, alor honetan dauden hutsuneei modu koordinatuan erantzuteko. Gune berria zerbitzu egonkorra izateko asmoz jarriko da martxan eta herritarrengandik gertu egongo den erreferentzia bat izatea nahi dute. Usurbilen burutu nahi duten lanketarekin etorkizunean bete nahi duten helburua, Elena Jimenezen esanetan, “Usurbilgo biztanleak pertsonen arteko harreman errespetagarriak, arduratsuak eta egokiak izan ditzaten lortzea da, ondorioz, gizarte parekidea, solidarioagoa eta bidezkoagoa lortuz”.

Egoitza, Gizarte Zerbitzuetan
Zerbitzu berrirako proposamenik duenak, erabilgarri ditu jada komunikazio bide desberdinak. “Herritarrek egin ditzatela proposamenak. Herritarren bizipen eta beharretatik bideratzen bagara hobeto. Horiek dira lehentasunak”, adierazi du Jimenezek. Hona hemen, harremanetarako bideak:

E-posta: sexuaholku@usurbil.net 
Tlf zenbakia: 697 919 516. 
Jendaurreko ordutegia: asteartero, 17:00-19:00 (urtarriletik aurrera). 
Helbidea: Kale Nagusia 43, behea (Gizarte Zerbitzuetako egoitza). 
Eskaintzen den zerbitzua: aholkularitza, informazioa, orientazioa eta sentsibilizazioa.