“Gustura gaude, beste urtebetez segitzeko”, adierazi dute, egun, Andatza Mendizale Elkartean lanean diharduten kideek. Lehen urteurrena bete dute bilgunean. Hamabi hilabeteotako balorazio baikorra egin dute.
Antolaturiko ekimenek harrera ona
2010eko azaroan errelebo aldaketa gertatu zen Andatza Mendizale Elkartearen baitan. Urtebete igaro da ordutik, eta egun antolakuntza taldean dauden kideek orain arte jorratu duten 365 eguneko bidearekin pozik dira. “Oso gustura gaude. Talde bezala ere oso ondo moldatu gara. Irteerak antolatu ditugunak ere oso ondo atera dira. Kalean sumatzen dugu jendea gustura dagoela”, adierazi dute Andatzakoek. Euskal Herriko txoko desberdinak ezagutzeko aukera eskaini dute, hilero antolatu izan ohi dituzten irteerekin. Eta ekimen hauetatik kanpo, azken aldian egin dituzten deialdiek izan duten harrerarekin ere pozik dira Andatzakoak. “GPS ikastaroan plaza guztiak bete dira”, berri eman dute Andatzatik.
2012an irteera gehiago
Badira Andatzakoek mendizaleei luzatu nahi dizkieten pare bat ohar. Batetik, urtarrila amaiera aldera, beranduenez otsailean burutuko dutela bilgunearen urteko batzar orokorra. Eta bestetik, egunotan, Mendi Astearen baitan, mendiko asegurua berritzeko aukera izango dela. Federatu egin nahi duenak, andatza.com web orrialdean sartu eta handik izen emate orria deskarga dezake.
Mendi Astea igarota, urte berriari begira jarriko dira Andatzakoak. 2012an ere irteera gehiago antolatzekotan dira, eta hitzorduok finkatze lanetan murgilduta daude. Tartean, aurten bezala, Andatza Eguna ospatu aurretik, bertako txabola inguruak txukuntzeko deialdia egitekotan dira. “ Aurrekoan 6-8 lagun joan ginen eta txabola eta han zeuden aulkiak konpondu, belarra moztu, adarrak kimatu… Halako lanak egin genituen. Aurten ere beste asmo batzuk baditugu. Ia jendea animatzen den”, luzatu dute gonbita Andatzakoek.
Gazteei gonbita
Aurrera begira zerbait aldatzekotan, herritar gehiagorengana heldu nahi lukete mendizale elkartekoek, adin tarte konkretu bat dutenengana hain zuzen. “Gazteengana ez gara gehiegi iritsi”, baloratu dute eta. Inork proposamenik egin, edota taldera gerturatu nahi badu, apuntatu dezala honako hitzordu hau. Andatza Mendizale Elkartekoak ostegun iluntzero biltzen dira, udaletxe ondoan duten egoitzan, DYA kokatu ohi den eraikineko beheko solairuan. Aipatu moduan, ostegun iluntzero, 19:00-20:00 artean. “Ateak irekita daude edonorentzat, ia gazteak ere animatzen diren”, diote Andatzatik. Eta noiznahi, taldearen edota antolatzen dituzten ekimenen berri, andatza.com web orrialdearen bidez jaso daiteke.