Auzolanerako deia, abenduaren 6rako

Noaua Aldizkaria 2011ko abe. 2a, 00:00

Herria Garbi Eguna antolatu dute abenduaren 6rako, ITAYA Gazte Asanbladak eta Usurbil Zero Zabor bilguneak. Egutegian gorriz, jai egun moduan ageri den datorren astearterako beraz, auzolanerako deia egin dute herriko bi taldeok. 


Zumartegi industrialde inguruak garbitzera joateko hitzordua antolatu dute. “Gure utzikeria eta axolagabekeria dela eta alboan daukagun ingurumena zikintzen ibili gara urte askoan zehar, eta bada garaia behingoagatik honi amaiera bat emateko”, adierazi dute antolatzaileek. Goizeko 8:30etan jarri dute elkartzeko ordua, frontoian. Handik auzolan lekura joko dute. "Aurkitzen den zaborra, hala nola; plastikoak, latak… garbituko ditugu. Ahal dugun neurrian birziklatuko ditugu”, adierazi dute antolatzaileek. Eguerdi partean, 12:30ak alderako edo iragarria dute itzulera. Goiza hamaiketako eder bat dastatuz borobilduko dute. Antolatzaileek ekimenean parte hartzeko deia luzatzen diete herritarrei. “Herri guztiari zabaltzen diogu, heldu nahiz gazte, gure egitekoa baita maite dugun herri hau garbi mantentzea, etorkizunean gure ondorengoek zerbait ederra izan dezaten. Beraz azaldu beldurrik gabe, besoak zabalik hartuko zaituztegu eta!”, adierazi dute UZZ-tik eta ITAYAtik.

Didgeridoo tailerra eta kontzertua
Akerra Gaztetxeak eta ITAYA Gazte Asanbladak didgeridoo tailer eta kontzertua antolatu dute, abenduaren 10erako. Iban Nikolaik gidatuko du ikastaro laburra Sutegin, 17:00etatik aurrera. Herritarrak musika instrumentu honetan trebatzeko beharrezko materiala gazte oiartzuarrak ekarriko du. Tailerra amaitu ostean, kontzertua eskainiko du Nikolaik Sutegin bertan, iluntzeko 20:00etatik aurrera. Herritar orok parte har dezake ekimenean, eta doan.