Larunbatean ospatu zen Euskararen Nazioarteko Eguna, baita Usurbilen ere. ITAYA Gazte Asanbladak antolatuta, hainbat jolasetan parte hartzeko aukera izan zuten herriko gazteek, Mikel Laboa plazan. Abenduaren 3a baino lehen, herritarrek euskarazko piroporik onena proposatzeko aukera izan zuten zenbait lekutan jarriak zeuden kaxetan. Gazte asanbladakoek piropo onena hautatuta, borobildu zen Euskararen Egunaren haritik Usurbilen antolatu ziren hitzorduak.
Lehenago, abenduaren 1ean pizza tailerra antolatu zuen Etumeta-AEK euskaltegiak. Azaroaren 29an burutu zen osoko ohiko bilkuran bestalde, Euskararen Egunari loturiko mozioa onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz. Lau puntuko testuan adierazten denez, Usurbilgo Udalak "bere esku dagoen guztia egingo du", udal langileen euskalduntzea bultzatu eta bermatzeko; langileen lehen hitza beti euskaraz izan dadin; udal barruko funtzionamendua ere hizkuntza berean gauzatu dadin; edota hizkuntz eskubide indibidual zein kolektiboak bermatze aldera, Usurbilen euskaraz bizitzea helburu duen plangintza integrala garatzeko. Mozioak "Euskal Herriaren ireki den aro berri honetan, hizkuntz gatazka konpontzea, lehentasunezkoa" dela dio. Gai honetan ere, testuak gogorarazten duenez, "Euskal Herriak du hitza eta erabakia".
Bildu, Aralar, Hamaikabat eta EAJ-PNV-k mozioaren alde bozkatu zuten. PSE-EEko udal ordezkaria ordea, abstenitu zen.