Gipuzkoako Hondakinen Konsorzioko administrazio kontseiluak gaur bazkalostean burutu duen bilkuran, Zubietako errauste plantaren eraikitze lanen hitzarmena sei hilabetez etetea proposatu dio erakundeko asanbladari. Datorren astean bilduko da Konsorzioa, GHK-ko presidente eta ingurumen diputatu Juan Karlos Alduntzinek gaur arratsaldean prentsaurreko bidez berri eman duenez. Modu horretan, datorren urte erdian, hondakinak kudeatzeko beharrezko azpiegituren inguruan erabakiren bat hartu aurretik, gehiengo baten babesa izango duen adostasuna lortzea da asmoa. "GHK-k herrialdeko errealitate berriarentzat alternatibak aurkitu eta aztertzeko konpromisoa du", azaldu du Alduntzinek.
Foru Aldundia ere etenaldiren alde
Zubietan eraikitzen ari diren errauste plantaren inguruan hartu beharreko edozein erabaki, sei hilabetez atzeratuko du Foru Aldundiak, 2012ko aurrekontuetan Bilduk eta EAJ-PNV-k atzo bertan adostu zuten akordioa dela eta. Albistea, Batzar Nagusietako EAJ-PNV-ko bozeramaile Markel Olanok eman du gaur goizean, astelehen honetarako iragarria zegoen osoko bilkura hasi aurretik. Gaineratu duenez, datozen sei hilabeteotan, Batzar Nagusietako Ingurumen Batzordean hondakinen kudeaketari loturiko eztabaida lantzea eta ekainaren 30era arte, orain arte iragarriak zeuden azpiegiturak ez oztopatzea adostu dute bi alderdiek. Martin Garitanok eta Olanok berak, Bilduk eta EAJ-PNVK-k akordio honetara heltzeko egin duten ahalegina nabarmendu dute. Bilduk eta EAJ-PNV-k adostu eta gaur goizean bertan bi alderdiek baieztatu duten akordioa halere alor honetatik haratago doa. Olanok aurreratu duenez, zortzi milioi euroko diru partida bideratuko da Gipuzkoako enpresak laguntzeko egitasmoetara. Alor honetarako beste bi milioi euro gehiagoko diru partida ere egon litekeela aurreikusi du bozeramaile jeltzaleak, datorren udaberrirako. Akordioak, aurrekontuen onarpena atzeratzea saihestuko du, EAJ-PNV-k aurrekontuei eginiko osoko zuzenketa erretiratu baitu gaurko osoko bilkuran. Modu horretan, gehiengoa izanik, ez dira aurrera aterako PSE-EE eta PP alderdiek egin asmo zituzten osoko zuzenketak. Aldaketarik ez bada beraz, 2012ko Gipuzkoako aurrekontuok abenduaren 22an onartuko dira, hedabideak berri ematen ari direnez.
Moratoriari buruzko hitzaldia
Foru Aldundiko ingurumen alorreko diputatu Juan Karlos Alduntzin, ostegun honetan, abenduaren 15ean, Sutegin izango da. Zubietan eraikitzen ari diren errauste plantaren moratoriari buruzko hitzaldia eskainiko du, iluntzeko 19:00etan hasita. Ekitaldia, Usurbil Zero Zabor bilguneak antolatu du. Azken asteotan, Foru Aldundiaren izenean, Alduntzinek berak aipatu egitasmoari moratoria aplikatzearen aldeko apustua berretsi du. Abendu hasieran Batzar Nagusietan gogorarazi zuenez gainera, Aldundia moratoriaren alde egonik, gai honen inguruko azken hitza Gipuzkoako Hondakinen Konsorzioak du orain. Moratoria indarrean jarrita, asmoa gipuzkoarren artean hondakinen kudeaketari buruzko eztabaida bultzatzea litzateke.