Eritasun psikikoei buruzko proiekzio eta solasaldia, bihar arratsaldean

Noaua Aldizkaria 2011ko abe. 12a, 00:00

"Solo" dokumentala ikusi eta ondoren, buruko eritasunei buruzko solasaldia antolatu dute astearte honetarako, Usurbilgo Udalak eta AGIFES (Gipuzkoako Famili eta Eri Psikikoen Elkargoa) elkarteak. Ekitaldia, arratsaldeko 18:30etan hasiko da Sutegiko auditorioan. 

"Solo" dokumentalak testigantza bat jasotzen du. Vicente Rubiok bere historia pertsonala azaltzen du, eskizofrenian erortzen denetik nabarmen sendatzen den arte. Kamera gainean hartuta, maitasunaren, neskalagun baten bila joaten da Rubio munduan zehar, eta abentura existentzial batean murgiltzen da. Aipatu moduan, dokumentala (erdaraz) ikusi ostean, gai hauei buruz hitz egiteko mahai inguru bat antolatu da euskaraz. Bertan AGIFESeko kideek parte hartuko dute. 


Laguntzera eta sentsibilizazio lanetara bideratua

Hitzordu hau dela eta, NOAUA! AGIFES-ekin harremanetan jarri da. AGIFES elkartetik berri eman dutenez, eskizofreniari buruzko ikuspegi esperantzakorra agertzen du dokumentalak eta lan honek gai honi loturiko oinarrizko bi alderdietan lagundu du. "Batetik, ezaugarri hauetako buruko eritasuna duten pertsonen errealitatea esperantzaz enfokatzen lagundu du. Dokumentaleko protagonista, norbere gainditzeko gaitasunaren adibide bat eta egoera hauetan bizitza normala egin daitekeenaren adierazgarria da. Bestalde, dokumentala lagungarria da baita, gizartean gaixotasuna estigmatizatzeari uzten laguntzen baitio, eta berau gizatiartzen du". 

Sentsibilizazio lanak egiten ditu AGIFES elkarteak. Mota honetako gaixotasunak dituzten pertsonen eta euren senideen erreferentzia gune bat da. "Kalera ateratzen gara eta oro har, buruko eritasunei buruzko gizartearen sentsibilizazio lanean laguntzen dugu. Zoritxarrez, herritarren artean gaiak tabua izaten jarraitzen du. Gure 25 urteotako historian, harrera, orientazio, laguntza eta zerbitzuak eskaini eta lantzen ditugu, buruko eritasunak dituzten pertsona eta euren senideekin. 25 urte betetzen ditugun honetan, komunikazio kanpaina nabarmena egin dugu, "askatu zure burua; hautsi buruko gaixotasunari buruzko mitoak" izenburupean. Burutu ditugun ekimen guztietatik, gure elkarteko erabiltzaile eta senideek pertsona ezagunekin hilero egin ditugun bizpahiru minutuko iraupena duten bideoak daude".