Gaur goizean akreditazioak jasotzeko Madrilen izan dira, azken hauteskundeetan herritarren bozkekin hautatuak izan ziren Amaiur koalizioko zazpi diputatu eta hiru senatariak. Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo Udaleko alkate ohia, baita Maite Aristegi, Iñaki Antigüedad, Sabino Cuadra, Rafa Larreina, Iker Urbina, Jon Iñarritu diputatuak eta Amalur Mendizabal, Alberto Unamunzaga eta Urko Aiartza senatariak bertaratu dira. Komunikabideak berri ematen ari direnez, hedabideen arreta bereganatu dute Amaiurreko ordezkariek, Madrilera iristean. Guztien izenean, Usurbilgo alkate ohiak PP-ren betoa deitoratu eta Amaiurrek talde parlamentario gisa osatzeko duen eskubidea aldarrikatu du. Hastear den legegintzaldi honetan, euren lan ildo nagusiak ere zeintzuk izango diren aurreratu ditu Errekondok; gatazka politikoaren konponbidea eta Euskal Herriko eskubide sozialen defentsa. Datozen orduotan, Kongresuko hainbat talde politikorekin biltzeko asmoa du Amaiurrek. Bihar osatuko dira, azaroaren 20ko hauteskunde osteko Madrilgo Diputatuen Kongresu eta Senatu berriak.