Asteburuan Bilduk erakundeetan dituen hainbat ordezkari politikoek, tartean Usurbilgo Udaleko alkate Mertxe Aizpuruak, hedabideen aurrean iragarri zutenez, koalizioak egunotarako Donostiako Ibaetako campusean euskal preso politikoen eskubideen alde iragarriak dauden baraualdietako batean parte hartuko du. Bihar sindikalisten txanda izango da, eta aipatu moduan, abenduaren 16an, 24 orduko baraualdia egingo dute Bilduko ordezkariek. Ostiralean bertan, eguerdiko 12:00etan elkarretaratzeak deitu dira Euskal Herriko udalerrietan. Baita Usurbilen ere. Urtarrilaren 7rako Bilbon deitua dagoen mobilizazioarekin ere bat egin du Bilduk.
Espetxe politika errotik aldatzea
Onartezintzat jotzen dute, euskal preso politikoen aurka estatu espainiar eta frantziarrak aplikatzen duten espetxe politika, oraindik ere konfrontazio estrategia moduan baliatzea. Espetxeetako egoera hau gainditzea, errotik aldatzea Bildurentzat, "normalizazio eta prozesu demokratikoan modu eraginkorrean aurrera egiteko lehentasunetako bat da". Presoak Euskal Herrira ekartzea, gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea, espetxe zigorraren hiru laurdenak bete dituztenak baldintzapean aske uztea, epaiketen zain direnak behin behinean aske uztea, "Parot" doktrinarekin amaitzea, eta espetxe onurak aplikatzea eskatzen du Ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak osaturiko koalizioak.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ere komunikatua zabaldu du asteburuan. Bilguneko kideek, banaka Euskal Herrira gerturatzea eskatuko dute. Atzo bertan, 400 bat preso ohiek EPPK-k harturiko erabakia babestu zuten.
Presoen eskubideak betetzeko eskaera, udalbatzatik
Usurbilgo Udaleko udalbatzak ere, dispertsioaren amaiera, presoen Euskal Herriratzea, eta gaixo daudenak eta zigorra betea dutenak aske uztea eskatu zuen, azaroaren 29an osoko bilkuran Bilduk aurkeztu eta Egin Dezagun Bidea bilguneko ordezkari batek irakurri zuen mozioan. “Udal honek, bizi dugun aukera historiko honen aurrean, Euskal Preso Politikoen eskubideen errespetua eskatzen du”, dio gehiengo osoz onarturiko mozioak. Bildu eta Aralarrek babestu zuten testua, EAJ-PNV-ko udal ordezkaria abstenitu zen eta PSE-EE eta Hamaikabatek aurka bozkatu zuten.
Mozio hartan iragarri zen, ostiral honetarako iragarriak dauden mobilizazioak, urtarrilaren 7ko Bilbon iragarrita dagoenarekiko atxikimendua adieraztearekin batera. Hitzordu hauetan parte hartzeko gonbita luzatzen dute.
Herritarrei deialdi zabal eta anitza luzatu nahi diegu ezberdintasun politiko guztien gainetik giza eskubideen alde urratsa eman eta herri honek inoiz ezagutu duen mobilizaziorik handiena denon artean osatu dezagun”, adierazten da mozioan. Bizkaiko hiriburuan burutuko den manifestazio nazionalerako atxikimenduk jasotzen hasiak dira, web orrialde honetan: www.kolosalaizangoda.info