Zubietako erraustegia eraiki edo ez erabakitzerakoan, azken hitza Gipuzkoako Hondakinen Konsorzioak (GHK) izango du, Foru Aldunditik bozeramaile Larraitz Ugartek hedabideei berri eman dienez. Astelehenean, GHK-ko Administrazio Kontseiluak Zubietan eraikitzen ari diren plantaren oinarrizko proiektua sei hilabetez etetea erabaki zuen.
Orain urte erdiz, hondakinen kudeaketari buruzko eztabaida bultzatu, alternatibak bilatu eta iragarria dagoenez, ekainaren 30a baino lehen erabaki bat hartu nahi dute. Foru Aldundiko bozeramaileak, denbora tarte honetan, eta gai honi dagokionean, erakunde bakoitzak dituen eskumenak zeintzuk diren argitu nahi izan zuen atzo. Hondakinen kudeaketari loturiko planifikazioa Batzar Nagusiei dagokie. Egunotan iragarri dutenez gainera, eztabaida ere Batzar Nagusietako Ingurumen Batzordean burutuko da. Baina hondakinak kudeatzeko moduari loturiko eskumena udalei dagokiela gogorarazi zuen Ugartek atzoko prentsaurrekoan. Gogorarai behar denez, Udalak Mankomunitateetan biltzen dira eta Mankomunitateak Gipuzkoako Hondakinen Konsorzioan. GHK-n Bilduk du gehiengo osoa. Honenbestez, argitu zuenez, "Batzar Nagusietan ez da erabakiko erraustegia egongo den edo ez".
Birziklatzea hobetzeko apustua Gipuzkoan
Gipuzkoako 40 udalerrik eta Mankomunitate batek hondakinen bilketa sistema hobetzeko eskaera egin dute. Apustu honen emaitzak zer nolakoak diren ikusteko sei hilabete beharko direla gogorarazi zuen Ugartek. Datuok eskutan, Foru Aldunditik diotenez, Zubietako errauste planta bideragarria eta egokia den edo ez ikusi beharko da gero. Datorren urte erdian, Bilduk bere proposamenak egokienak direla, horretaz gainerako alderdiak konbentzituko dituela ziurtatu zuen Ugartek. Baita ahalik eta gehien birziklatu beharra dagoela ere. Bildu erraustegiaren aurka dagoela gogorarazi zuen beste behin, Aldundiko bozeramaileak.
Iturria: GARA.
Juan Karlos Alduntzin, bihar Sutegin
Azken egunotako gertakarien irakurketa egiteko gaur arratsaldeko 17:00etarako prentsaurrekoa deitu du Gipuzkoa Zero Zabor bilguneak, Zubietako errebote plazan. Bihar, osteguna bestalde, Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatu Juan Karlos Alduntzin Sutegin izango da. Iluntzeko 19:00etatik aurrera, egunotako gertakariak baloratu eta moratoriari buruzko hitzaldia eskainiko du, Usurbil Zero Zabor bilguneak antolatuta. "Zubietako errauste plantari moratoria: zertarako eta alternatibak" izenburupean jardungo du GHK-ko presidentea ere baden diputatuak, Sutegiko auditorioan.