Urtean zehar hilero kantu-jira ospatu ostean, eguberriei ere, nola ez, abesten emango diote ongi etorria Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideek. Bi hitzordu finkatu dituzte gabon hauetarako; lehena, igande honetan, 12:30etan Mikel Laboa plazan. NOAUA!-k antolatu duen Santo Tomas azoka girotuko dute euskal kantuzaleek. Herritarrei hitzorduan parte hartzeko gonbita luzatzen diete. Baserritarrez jantzita eta kantu liburuxka esku artean dutela hitzordura gerturatzera deitzen diete.
Abenduaren 24an, bigarren saioa
Astebeteko tartean bigarren deialdi bat ere egin dute Kantu Taldetik. Abenduaren 24an, Egin Dezagun Bidean bilgunetik deituta 17:30etan frontoitik irtengo den Olentzeroren kalejirarekin bat egin dute kantuzale usurbildarrek. Hitzorduokin eguberrietan euren jarduna etengo dute. Urte berriarekin batera, entseguekin itzuliko dira Kantu Taldekoak. 2012ko lehen saioa, urtarrilaren 10ean, iluntzeko 18:30etan Udarregi ikastolan.