Herrian antolatzen diren ekitaldien artean, eguberriak gerturatzen joan ahala indar hartzen doa haur eta gaztetxoei zuzenduriko hitzordu eskaintza. Esaterako, ostiral honetan, Eriz magoaren emanaldia ikusteko aukera egongo da Santueneako frontoian, arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Hasiera batean, saioa abenduaren 21erako zegoen iragarria, baina antolakuntzatik, Santuenea Elkartetik ohartarazi dutenez, gaur burutuko da ekitaldia.
Jostailu erabilien bilketarako azken eguna
Ostiral honetan amaituko dira, bihar ospatuko den V. Jostailu Erabilien Azokarako bilketa lanak. Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak antolaturiko ekimenerako jostailu edo antzekorik utzi nahi duenak, Sutegiko erakusketa aretora hurbildu besterik ez du, gaur arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara. Atzo iluntzean ateratako ondoko irudian ageri den moduan, herritarrek hainbat jostailu utzi dituzte jada.
Antolakuntzak ohartarazi ohi duen moduan, gogoan izan. Jostailuek osorik egon eta CD edo DVD eta antzekoak jatorrizkoak izan beharko dute, bilketa egunetan jasotzen dena musutruk emango da. Trukean zortzi urtetik beherako haurrek arduradun batekin parte hartu beharko dute.
Gai hauek uzteak, bihar goizeko 11:30etatik 13:00etara frontoian ospatuko den Jostailu Erabilien Azokan trukean aritzeko aukera ematen du.
Trukatuz, berrerabili
“Nirea zuretzat, zurea niretzat… Aizu tori eta ekarri hori!” lemapean bosgarrenez antolatua du Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak, Jostailu Erabilien Azoka. Larunbat honetan ospatuko den ekimenak, gaion berrerabilpena bultzatzea du helburu. Goiz eta eguerdi partean beraz, aisialdirako baliatu ohi diren produktuak elkar trukatzeko aukera izango dute azokan parte hartuko duten herritarrek.
Edizio honek badakar berrikuntzarik. Antolakuntzatik adierazi dutenez, Gaztelekukoek biharko azoka eguna girotuko dute.