Egin Dezagun Bideak deituta euskal preso politikoen eskubideen alde aste honetan, Donostiako Ibaetako campusean burutzen ari diren baraualdien baitan, elkarretaratzeak deituak zituen Egin Dezagun Bidea bilguneak ostiral honetarako, Euskal Herriko hainbat udalerrietan. Tartean, Usurbilen. 12:00etarako udal ordezkari eta herritar talde bat bildu da udaletxe atarian, eskuetan urtarrilaren 7an Bilbon burutuko den presoen eskubideen aldeko mobilizazioarekiko atxikimendua adierazten zuten kartelak zituztela.
Bizkaiko hiriburuko aipatu hitzordurako atxikimendua web orrialde honetan adierazi liteke: www.kolosalaizangoda.info
Artean, Donostiako Ibaetako campusean astelehenean hasi eta igandera arte luzatuko den baraualdi asteak aurrera jarraitzen du. Alderdi politikoen txanda da gaur. Joan den asteburuan, Bilduk erakundeetan dituen hainbat ordezkarik, tartean Usurbilgo Udaleko alkate Mertxe Aizpuruak, iragarri moduan, baraualdiarekin bat egin dute. Baita Gipuzkoako Foru Aldundiak ere. Bihar, gizarte eragile eta herri mugimenduetako ordezkariek hartuko dute lekukoa. Presoen eskubideen aldeko baraualdi astea, igande eguerdiko 12:00etan Donostiako Bulebarrean burutuko den elkarretaratzearekin borobilduko dute.
Langileek ere bat egin dute...
Euskal preso politikoen eskubideen alde aste honetarako Donostiako Ibaetako campusean antolatu den baraualdi astearen baitan, egunez egun, eragile desberdinak baraualdiak egiten ari dira. Aste hasieran sindikatuen txanda izan zen. Testuinguru honetan, astelehenean LAB sindikatuko kideek hainbat ekimen burutu zituzten Euskal Herriko eskualdeetan. Tartean, Buruntzaldean. Lasarte eta Usurbilgo LABeko delegatuak Michelin enpresa atarian bildu ziren. Urtarrilaren 7an presoen eskubideen alde Bilbon burutuko den mobilizazioari atxikimendua adierazi zioten, baita aste honetan Ibaetako campusean burutzen ari diren baraualdiei ere.
... baita udalbatzak ere
Usurbilgo Udaleko udalbatzak ere, dispertsioaren amaiera, presoen Euskal Herriratzea, eta gaixo daudenak eta zigorra betea dutenak aske uztea eskatu zuen, azaroaren 29an osoko bilkuran Bilduk aurkeztu eta Egin Dezagun Bidea bilguneko ordezkari batek irakurri zuen mozioan. “Udal honek, bizi dugun aukera historiko honen aurrean, Euskal Preso Politikoen eskubideen errespetua eskatzen du”, dio gehiengo osoz onarturiko mozioak. Bildu eta Aralarrek babestu zuten testua, EAJ-PNV-ko udal ordezkaria abstenitu zen eta PSE-EE eta Hamaikabatek aurka bozkatu zuten.
Mozio hartan iragarri zen, ostiral honetarako iragarriak zeuden mobilizazioak, urtarrilaren 7ko Bilbon iragarrita dagoenarekiko atxikimendua adieraztearekin batera. Hitzordu hauetan parte hartzeko gonbita luzatzen dute.
Herritarrei deialdi zabal eta anitza luzatu nahi diegu ezberdintasun politiko guztien gainetik giza eskubideen alde urratsa eman eta herri honek inoiz ezagutu duen mobilizaziorik handiena denon artean osatu dezagun”, adierazten da mozioan.