Denboraleari aurre eginez, jende ugari elkartu da Santo Tomas azokan

Noaua Aldizkaria 2011ko abe. 19a, 00:00

Hotza eta euria egin arren, jende ugari ibili zen atzo Santo Tomas azokan. Jendea frontoi inguruan, eta sagardo zein babarrun ekoizleak lehian. Izan ere, etxeko sagardo eta babarrun onena zein den erabaki ohi da Santo Tomas azokan. Aurten, 48 dira lehiaketara aurkeztu diren babarrun ekoizleak. Eta 21, sagardozaleak.

Epaimahaiaren aburuz, babarrun onena Lertxundi baserrikoa izan da. Jose Miguel Begiristain aginagarra izan da txapela eraman duena. Bigarren saria ere Aginagara joan da. Ibai-Ertz etxeko Manuel Aizpurua izan da saria eraman duena. Eta hirugarren saria Fidel Balerdik jaso du, Usasku baserrikoa (Kalezar).

Sagardo ekoizleen artean, Egioleta baserrikoak (Kalezar) izan dira nagusi. Zubietako Zugasti baserrikoentzat izan da bigarren saria eta Olano Eneako sagardoa (Kalezar) izan da epaimahaikoen ustez hirugarren sagardo onena. Olano Eneakoak ez dira saria jasotzera bertaratu.

Aurten, lehen aldiz, animaliak ere izan dira eta umeak pozarren ibili ziren atzo Askatasuna plaza inguruan. Baina azokaren muina frontoian egon zen. Lehiaketara aurkeztu diren babarrunak ikusgai izan ziren frontoiaren erdian ipini den erakustokian. Epaimahaiak sagardo onena aukeratzen zuen bitartean, lehiaketara aurkezturiko sagardoak dastatzeko aukera izan zen. Sagardo Eguneko antolatzaileak aritu ziren sagardoa partitzen. 

Usurbiltzenek postu bat izan zuen, Udarregi ikastolakoek eraikin berriari buruzko informazioa zabaldu zuten eta errifa zozketa bat ere egin zuten.

Udarregi ikastolako ikasleek gozoak saltzen aritu ziren, ikasturte amaierako bidaiarako dirua bildu nahian.

Talogileak ere lan eta lan aritu dira aurten. Eguerdi partean, ilara luzeak zeuden taloa erosteko eta NOAUA!k partitu zuen babarrun krema dastatzeko.

Argazkitegian hainbat irudi ipini ditugu, zureak ere web orrialde honetan ikusi nahi badituzu, bidali jpg euskarrian erredakzioa@noaua.com helbidera. Argazkitegiko irudiak ikusteko hauxe esteka: Santo Tomas azoka 2011 

Bideo honekin ikusiko duzuen moduan, aurten eguraldiak ez du asko lagundu baina jende asko hurbildu da frontoi ingurura.