"Agertokian, pentsatu, sentitu eta gozatu nahi duten neska-mutilak. Euren beldurrak, pozak, frustrazioak eta emozioak ozen jaurtitzen dituzte, euren azaleko poroetatik bor-bor egiten duten mila eta bat galderak erantzun ahal izateko. Ikuskizun honetan gazteek sexuaz hitz egiten dute, beti ere, errespetuz eta inolako konplexurik gabe. Hainbat galdera aireratuko dituzte, umorez eta nahiko lotsagabekeriaz". Modu horretan abiatuko da, datorren astelehenerako, abenduaren 26rako, 14-18 urte arteko gazteentzat zuzendua dagoen "Lotsa gabe" izeneko antzezlana. Sutegin eskainiko da, iluntzeko 19:00etatik aurrera.
Usurbilgo Udaleko Euskara eta Kultura Zerbitzutik berri eman dutenez, sarrerak salgai daude jada. Kiroldegian, 3 euroren truke. Egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira, 4 eurotan.
Hep Hop emanaldia
Antzezlana Hep Hop emanaldi batekin osatuko da. Orio eta Zarautz inguruko zenbait gazte biltzen dituen Mainstream Crew taldeak eskainiko duen saioarekin hain zuzen. Taldean bada usurbildar bat ere; Nekane Larrañaga. Joan den larunbatean frontoian dantzan aritu ziren, goiz horretan bertan Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkartekoek antolaturiko Jostailu Erabilien Azoka girotzen. Aurreko edizioetan bezala, trukerako hainbat jostailu utzi dituzte herritarrek. Larunbata trukerako eguna zen eta herritar ugari bertaratu zen pilotalekura. Bosgarren urtez antolatu duten ekimen honen bidez, berrabilpena sustatzea da Hitz Ahokoen helburu nagusia. Aipatu moduan, berrikuntza gisa, Mainstream Crew taldeak eta Gaztelekukoek girotu zuten azoka.