Maridomingik aurre hartuko dio aurten, Olentzerori

Noaua Aldizkaria 2011ko abe. 21a, 00:00

Haur Hezkuntzako bost urte arteko haurrak zorte oneko daude. Olentzero etorri aurretik eta ikazkinak utzitako opariak abenduaren 25ean ireki baino lehen, Mari Domingi bertatik bertara ikusteko aukera izango baitute. Ostiral honetan, abenduaren 23an izango da, Sutegi udal liburutegian. Eguerdiko 12:00etatik aurrera, ipuin kontaketa saioa eskainiko du, aipatu pertsonaia hezurmamituko duen Ixabel Agirresarobe herritarrak. Sarrera doan.


Zubietan kantuan irteteko, azken entsegua
Olentzerori ongi etorria, ohi bezala, abenduaren 24an egingo zaio. Eguberri bezperarako, kalejiran gabon kantak abesteko bost hitzordu deituak daude, Aginagan, Kaxkoan, Santuenean eta Zubietan. Zubietako irteeran parte hartzeko hain zuzen, azken entsegu saioa burutuko da ostiral honetan, hilaren 23an. Iluntzeko 19:00etarako Kaxkapen deitu du Zubieta Lantzenek, biharamuneko saioa prestatzeko bilkura. Hona hemen, abenduaren 24rako gabon kantak abesteko antolatu diren saioak:

09:00 Aginagan, Elizatik abiatuta. Antolatzailea: Katekesi taldea. 
16:00 Zubietan, Artzabaletatik abiatuta. Antolatzailea: Zubieta Lantzen. 
17:00 Kaxkoan, gabon eskearen irteera Parrokiatik. Antolatzailea: Parrokia. 
17:30 Kaxkoan, Olentzeroa frontoitik abiatuta, Egin Dezagun Bidea taldearen eskutik. 
18:00 Santuenean, Olentzeroren irteera Auzo Elkarteko egoitzatik. Antolatzailea: Santuenea Elkartea.
Iluntzean, Parrokiako taldearen eta Egin Dezagun Bidean taldekoen emanaldien amaiera bateratua frontoian.