"Bertsolari" filma, gaur 19:00etan

Noaua Aldizkaria 2011ko abe. 22a, 00:00

Iritsi da eguna, gaur iluntzeko 19:00etan proiektatuko da Sutegiko auditorioan, joan den Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen “Bertsolari” filma. Ekitaldirako sarrerak, aldez aurretik gaur eguerdira arte eros daitezke Txiribogan eta NOAUA!-5 euroren truke, bazkideek 3 eurotan NOAUA!-n. Ekitaldia hasi aurreko tartean ere salgai egongo dira, 5 eurotan.

"Aupa Etxebeste!" pelikularekin egin zen Asier Altunak zuzendu du "Bertsolari". Film arrakastatsu honetaz solasean aritu da NOAUA!rekin.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa edo bertsolaritza, zein da “Bertsolari” dokumentaleko gai nagusia?
Bertsolaritzari buruzko dokumental bat dela esan daiteke. Gertatzen dena da 2009ko txapelketa nagusiaren finalean hasi ginela errodatzen. Hortik abiatu zen istorio guztia eta momentu batzuetan final horrek garrantzia gehiago dauka, beste batzuetan gutxiago. Baina proiektu berezia izan zen, gainera. Oso berezia. Generazio aldaketa, generoa... Horrek guztiak oinarri inportante bat eman zidan.

Dokumental honi esker, euskaldun ez direnek bertsolaritza hobeto ezagutzeko aukera izango dute.
Helburuetako bat izan da emozioa eragitea, bertsotan askotan hunkitu egiten garelako. Bigarren helburua litzateke Euskal Herritik kanpo bertsolaritza zer den azaltzea. Madrilgo lagun bati bertsolaritzari buruz hitz egiten badiozu, ez du ulertuko, ez dakielako mundu horretaz ezertxo ere ez. Zentzu horretan, bertsolaritza kanpoan erakusteko izpirituarekin abiatu zen dokumental hau. Hasieratik. Eta uste dut lortu dugula. Bertso zalearentzat erakargarria izango da, baina baita bertsoetaz ezer ez dakienarentzat ere.

Dokumentala izanik ere, zine aretoetan eskaini da. Ezin kexu azaldu. Uste dut zorte handia izan dugula.
Inork ez dizu ezer oparituko baina pelikula gustagarria izan da hasieratik, eta horrek estreinaldi eder bat egiteko aukera eman digu (Donostiako Zinemaldian). Eta areto komertzialetan banatzeko ateak ireki dizkigu, gainera Golem-en moduko enpresa serio baten eskutik. Gehiago ezin daiteke eskatu.