Urtarrilean, bizikleta martxa Irisasi BTT taldearekin

Noaua Aldizkaria 2011ko abe. 29a, 00:00

"Hotzak akabatzen" izeneko mendi bizikleta martxa ospatuko da urtarrilaren 29an. Ekimen berri hau, duela gutxi osatu den Irisasi BTT izeneko bilguneak antolatu du. Taldea, Andatza Mendizale Elkartearen baitan sortu da. 

Aipatu moduan, datorren hileko azken igandean, Irisasi eta Andatza zeharkatuko duen bizikleta martxa antolatu dute. Urte garaiari egoki doakion izena hautatu dute antolatzaileek. BTT 2012 “Hotzak akabatzen” da, hilabete barru Andatza eta Irisasi inguruak zeharkatuko dituen bizikleta martxa. Bi orduko ibilbidea izango da, urtarrilaren 29an. Abiapuntua eta helmuga, frontoian kokatu ditu Irisasi BTT taldeak. Goizeko 9:00etan hasi eta 11:00etarako itzultzea aurreikusten dute. Prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez, “32 kilometroko ibilbidea prestatuko du Irisasi-Andatza mendian zehar, bertako eta kanpoko jendea erakartzeko asmoz”. 

Ibilbide ikusgarria osatuko dutela iragartzen dute, “herriko frontoitik atera eta Santuenea eta Txokoalde zeharkatuta, bidezidor eta aldapa traketsetan sartuko dira partaideak”. 150-200 bat lagunek parte hartzea espero du antolakuntzak. Haientzat guztientzat, urtarrila amaierako hitzordua prestatzeko lanetan buru belarri dabiltza Irisasi BTT bilgunekoak; besteak beste, baimen eta laguntzak eskuratzen dihardute. Kirol ekimen hau antolatu izanaren helburua honakoa da, “partaide guztiei mendi bizikletaz gozatzeko aukera eskaini nahi zaie, neguko egunik hotzenetan bada ere, eta hortik probaren izena”. 

Deialdia 
Martxan jarri berri den Irisasi BTT bilgunea 30 lagunek osatzen dute. Guztiek urtarrila amaierako hitzordurako gonbita luzatzen dute, “parte hartzera, laguntzera edota, ikusle gisa, egun horretan Andatzako bideetan txirrindulariak ikusteko”. Hilabete barru burutuko den martxa heldu artean, hona hemen antolakuntzatik helarazi nahi duten mezua: “bizikletak prestatu!”.