Itxaropentsu agertu da Usurbilgo Ituna hondakinen kudeaketa hartzen ari den norabidearekin eta garrantzisu eta interesgarritzat jotzen du Foru Aldunditik indarrean jarri den sei hilabeteko moratoria. Tarte honetan, alternatibak gauzatzeko aukera ezinhobea dagoela diote, ituna sinatu zuen alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileen bilguneak, "beste Gipuzkoa bat, garbiago, osasuntsuago bat posible dela erakusteko". Norabide horretan lan egiteko borondatea du Usurbilgo Itunak. Era berean hondakinak biltzeko sistema eraginkorragoak izateko Gipuzkoako 46 alkateek erakutsitako borondatea zoriondu nahi izan zuen Usurbilgo Itunak, joan den astean Donostiako Koldo Mitxelenan eskaini zuen prentsaurrekoan. Ekitaldian, besteak beste, Usurbilgo Udaleko alkate Mertxe Aizpuruak parte hartu zuen.
Hona hemen, Usurbilgo Itunaren prentsa oharra, bere osotasunean:
Hondakinen kudeaketa-ereduaren norabidea une itxaropentsuan zegoela idatzi genuen Usurbilgo Ituna sinatu genuen 2010eko martxoaren 12 hartan.
Bi urte eskasera esan dezakegu hondakinen kudeaketa-ereduaren norabidea inoiz baino une itxaropentsuagoan dagoela, Gipuzkoako 46 alkatek, San Marko Mankomunitateko lehendakariak eta Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) Partzuergoak hartutako erabakiak guk eskatzen genuen norabidean jarri baitu hondakinen errealitatea.
Zorionak eman nahi dizkiegu alkateei orain arte gipuzkoarrok izan ez dugun aukera zabalduko dutelako. Usurbilgo Ituna osatzen dugun eragile politiko, sindikal eta sozialek ozen diogu gipuzkoarron osasuna dela lehenesten dugun irizpidea, gainerako edozein irizpideren gainetik. Interesgarria iruditzen zaigu orain arte ezagutzen ditugun zabortegi kutsakorrak gainditzeko Gipuzkoako Foru Diputazioak azaldutako konpromisoa eta bat egiten dugu, era berean, errausketa bere ekinbideetatik baztertzeko azaldu duen asmoarekin, ez baitago errauste planta handi edo txikirik gure osasunari kalte egingo ez dionik.
Zabaltzen den garai berri honen lehen pausotzat jotzen dugu GHKko Partzuergoak abenduaren 22an hartutako 6 hilabeteko etenaldiaren erabakia. Luzamendu hau urrats oso garrantzitsutzat jotzen dugu, Gipuzkoa osorako zero zabor programa baten abiapuntua izan behar duelako. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu gaikako bilketa eraginkorrena eta konpostajea bultzatu nahi duten udalerriei beharrezkoa duten laguntza eskain diezaiela.
Horregatik, Usurbilek, Hernanik, Oiartzunek eta Antzuolak zabaldu duten atez ateko bilketaren bidea eredugarritzat jotzen dugu, gaur egun emaitza onenak eta berehalakoak lortzen duen sistema delako, eta merkeena izateaz gain, lanpostu berri gehien sortzen duen sistema delako ere. Era berean, eraginkortasun berdina edo hobea lor lezakeen beste edozein sistemari ateak irekita uzten dizkiogu. Gipuzkoako indar politikoei dei egiten diegu alderdikeriak alde batera uztera eta, era berean, ingurumena eta osasunean oinarritutako irizpide teknikoak kontutan hartuz hel diezaietela gaiari.
Gipuzkoarrok sei hilabete hauetan aukera ezinhobea dugu alternatibak gauzatzeko, beste errealitate bat lor daitekeela frogatzeko, beste Gipuzkoa bat, garbiagoa, osasuntsuago bat posible dela erakusteko. Aldi berean Usurbilgo Ituneko kideak ere gure baliabide eta ahalmenen baitan konpromisoa hartzen dugu norabide berean lan egiteko.
Iturria eta irudia: Gipuzkoa Zero Zabor.