CAF-Elhuyar Sariak ekimenean parte hartzeko epea zabalik

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 2a, 00:00

Zientzia eta teknologia alorrekin lotura duten gai eta ikerketen euskarazko dibulgazioa helburu duen CAF-Elhuyar Sariak ekimenean parte hartzeko epea ireki du jada, Osinalde industrialdean kokatua dagoen Elhuyar Fundazioak. Interesdunek, lanak aurkezteko urtarrilaren 27ra arteko tartea dute, kategoria hauetakoren batean:
-Dibulgazio-artikulu originalak: dibulgazio-artikulu orokorrak eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak.
-Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioak.
-Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak.

Informazio gehiago: caflehuyarsariak@elhuyar.com edo elhuyar.org

Jose Maria Rivadeneyra, iazko sarituen artean
Iaz aurkezturiko lanen artean, usurbildar batena saritu zuten: unibertsitateko irakasle eta egun Bilduko zinegotzi ere baden Jose Maria Rivadeneyrarena hain zuzen. "Merezi ote digu banda-zabalera handitzea?" izeneko artikuluarengatik jaso zuen saria. Rivadeneyrak kontsumitzaileen lekuan jarri eta era erraz batean, Interneteko banda-zabalera handiagoa kontratatzea merezi ote duen azaltzen zuen bere lanean, baita zein faktorek eragiten duten etxera iristen den Interneteko seinalearen abiadura, eta zerk mugatzen duen zer Interneten ere. Webak nola funtzionatzen duen ere azaltzen zuen. Epaimahaiaren arabera, "egileak asmatu egin du era ulergarrian azaltzen gai tekniko eta itxuraz lehor bat. Adibide eta analogia errazen bidez, denok inoiz egin dugun galderaren erantzuna ematen digu, gainera".