Olentzero txikituta eta emakume bat ospitaleratuta, Urtezahar gauean

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 2a, 00:00

Eguberrietan, baina bereziki, urte amaieraren bueltan hain ohikoak diren petardo eta suziriek begi bistako kalterik utzi dute oraingoan. Kaxkoko errotondan eguberri hasieratik jarria zegoen Olentzero txikitu zuten zenbaitek jarritako petardoek, Urtezahar gauean. Astebete lehenago ere kaltetu zuten aipatu gunean Usurbilgo Udalak jarria zuen ikazkina. Gaur goizerako txikizioak utzitako arrastoa garbitu eta txukundua zuten udal langileek.


Bestelako ezbeharrik ere izan zen abenduaren 31n. 2011 agurtzeko ordu gutxi falta zirela, 49 urteko emakume bat zaurituta Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten. Diario Vasco bere web orrialdean berri ematen ari denez, Txaramuntoko etxebizitza batean sukaldean erabiltzen ari zen zartaginak su hartu zion herritarrari eta suteak estraktorea harrapatu zuen. Beldurtuta, emakumeak zartagina hartu eta balkoira bota zuen, baina bertan zuen arropa ere su hartzen hasi zen. Sutea ez zen gehiago zabaldu, suhiltzaileei esker. Aldiz, aipatu moduan, emakumea eskuak zaurituta zituela Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten. 

2012ari ongi etorria, erloju berriarekin eta Dj Larrarekin
Gainerakoan normaltasuna nagusi. Urtero moduan, oraingoan ere herritar askok 2012ari ongi etorria kalean eman diote. Herriko zenbait taberna goizaldeko ordu txikiak arte irekita egon ziren Urtezahar gauean. Askatasuna plazan bestalde, Usurbilgo Udalak antolatuta, Dj Larrak emanaldia eskaini zuen. Eta iragarri moduan, urte berrian sartzearekin batera martxan jarri zen bestalde, Salbatore Elizako kanpandorreko erlojua ere. Azken asteotan, hainbat konponketa egin ostean izan da. Erlojuak orain sistema digitalean funtzionatzen du, eta orratz berriak ditu.