Euskal preso politikoen eskubideen alde larunbat honetarako, urtarrilaren 7rako Egin Dezagun Bidea bilguneak Bilbon deitu duen mobilizaziora joateko bi autobus antolatu dira Usurbilen. Bata, ITAYA Gazte Asanbladak antolatuta goizeko 11:30etan irtengo da. Bigarrena, ohiko orduan, bazkalostean Egin Dezagun Bidea bilguneko Usurbilgo taldeak antolatuta. Autobus hauetakoren batean joateko izena aldez aurretik eman behar da, ohiko tokietan. Mobilizazioa arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Bilboko La Casillatik. Norbanako zein eragileek bere atxikimendua adieraz dezakete, kolosalaizangoda.info web orrialdean.
Bizkaiko hiriburuko deialdi honen atarian, azken aldian hainbat ekimen bideratu ditu Egin Dezagun Bidea bilguneak. Hainbat alderdi politiko, sindikatu edota gizarte eragile partaide izan zituen baraualdi astea antolatu zuten abenduaren 12tik 18ra Donostiako Ibaetako campusean. Eta herriz herri ere beste hainbat ekimen burutu dira. Usurbilen, besteak beste, elkarretaratzea egin zen udaletxe aurrean abenduaren 16an. Eta baita gabon kantak abesteko kalejira ere, joan den abenduaren 24an.