Txan Magoa gaur 17:00etan Sutegin, gabonetako haur egitarauaren baitan

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 3a, 00:00

Magia ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute gaur, arratsaldeko 17:00etan Sutegiko auditoriora gerturatuko diren gaztetxo eta helduek. Txan Magoak emanaldia eskainiko du eta. Sarrerak lehenago 2 eurotan eskura daitezke Oiardo Kiroldegian, bestela, Usurbilgo Udalak antolaturiko ekitaldia hasi aurretik, kultur etxean bertan 3 euroren truke.


Bihar, "Ogro Txikia"
"Baso sakonean etxe bat, bidexkaren amaieran eskola bat, barazkiak gau eta egun. Odolaren usai gatzitua. Oilar axolagabea, azeria, otsoa, ehiztariak, umeak eta ogroak... Ogro txikia. Ogro txikiak izkin egingo dio bere patuari. Hiru froga gainditu beharko ditu ogro izaerari eta desio basatiei aurre egiteko. Aitarengandik jaso du haragi xamurrarenganako gogoa. Amak, aldiz, munduarekin bakean bizitzeko grina oparitu dio". Testuinguru honetan abiatzen da, "Ogro Txikia" Gorakada taldearen antzezlana. 

Bihar, urtarrilak 4, ikusgai izango da Sutegiko auditorioan, arratsaldeko 17:00etan hasita. Sarrerak 2 eurotan eros daitezke Oiardo Kiroldegian, edo 3 euroren truke egunean bertan. Iñake Irastorza, Aritza Rodriguez eta Javi Tirado antzezleek parte hartuko dute, Agurtzane Intxaurragak zuzendu eta 6 urtetik gorako haurrentzat izango den emanaldian.

Errege Kabalgata, ostegunean
Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak Usurbila heltzeko 48 ordu eskas geratzen dira. Ostegun honetan, urtarrilaren 5ean emango zaie ongi etorria, urtero Ziortza Gazte Elkarteak antolatu ohi duen kabalgatarekin. 11:30etan gutunak jasoko dituzte frontoian, 17:30etan kabalgata abiatuko da Urdaiagatik eta Kaxko inguruak zeharkatu ostean, frontoira ailegatuko dira iluntzean. 19:30ak aldera burutuko da azken ekitaldia, pilotalekuan.