Agirretxe, 2015 arte Real Sociedaden

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 3a, 00:00

Imanol Agirretxek kontratua berritu zuen atzo Real Sociedadekin. Talde txuri urdinean jarraituko du, beste hiru urte eta erdiz; 2015. urteko ekainaren 30era arte. Aurreikusia zegoena baino pare bat urte gehiagoz izango da usurbildarra, Donostiako futbol taldean, orain arte 2013ra arte jarraitzea hitzartua baitzuen. Kontratu berria atzo bertan sinatu zuen, Jokin Aperribay Real Sociedadeko presidentearekin.


Iraola, Athleticekin partida gehien jokatu dituen lehen 20 jokalarien artean
Bestalde, gaur Athleticek Albaceteren aurkako Kopako partida jokatuko du. Hitzordu garrantzitsua, Andoni Iraolarentzat, talde zuri gorriarekin jokatuko duen 357. neurketa baita. Gaurko partidarekin, talde bilbotarraren historia osoan Athleticen partida gehien jokatu dituen hogeigarren futbolarian sailkatuko da usurbildarra. Iraolak 2003ko abuztuaren 30ean jokatu zuen bere lehen neurketa Athleticekin, Bartzelonaren aurka hain zuzen.