40 odol emate, 2012ko lehen deialdian

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 3a, 00:00

Atzo iluntzerako egina zuen odola emateko deialdia Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak. Herritar gehiago aurkeztu ziren arren, antolatzaileek berri eman dutenez, guztira 40 odol emate izan ziren urte berri honetako lehen saioan. Emaile berri bat ere hurbildu zela berri eman dute. "Hauei, eta etorritako guztiei ere eskertu nahi diegu beraien borondatea, odol pixka bat emanez, bizitza asko eman baitute. Eskerrik asko denoi", adierazi dute odol emaileen elkartekoek.

Beste bost hitzordu urte osoan
2012ko lehen odol ematea burutu da, baina emaileek hitzordu gehiago izango dituzte abendura arte. Antolatzaileek urteko saioen egutegia prestatu dute. Honako egunotan finkatu dituzte gainerako odol emate saioak. Bi hilean behin izango dira saioak, lehen astelehen arratsaldeetan: martxoaren 5ean, maiatzaren 7an, uztailaren 9an, irailaren 3an eta azaroaren 5ean. Ohiko leku eta ordutegian; anbulatorioan, 18:00-20:30 artean. Ondoko irudian, eskualdeko odol emaile omenduak joan den urrian.