Euskal preso politikoen eskubideen alde larunbat honetan Bilbon burutuko den mobilizazio orokorraren bezperatan, dispertsioari buruzko dokumentala proiektatuko du ITAYA Gazte Asanbladak gaur gaueko 22:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan. Sarrera doan. “Bertan, presoen senide eta lagunek hainbat kartzeletara egin behar dituzten bidaietako bizipenak azaltzen dira. Senide eta lagun horiek, astero astero, 1233 km egin behar dituzte bataz beste, espetxeratuak bisitatzeko. Zenbaki altuegia ezta? Baina datu hauek ditugularik ere, dispertsioa askorentzat ezezaguna den errealitate iluna da. Durangon 2011ko ekainaren 5ean burutu zen Km.0 proiektu honen aurkezpeneko ikuskizun berezia jasotzen du dokumentalak. Beraz, errealitate hau zertxobait gehiago ezagutu nahi duzuenok gonbidatuta zaudete gurekin bertan murgiltzera”, luzatu dute gonbita antolatzaileek.
Dokumentalari buruzko informazio gehiago helbide honetan jaso daiteke: km-0.net helbidean. Handik ateratako argazkia da ondoko irudia. Euskal preso politikoak bisitatzera joateko senide eta lagunek egin behar duten bidearen adibide.
Twitterren aritzeko deia
Larunbateko manifestazioaren atari honetan bestalde, euskal preso politikoen aldeko beste deialdi bat egina du, kasu honetan, Pakito Arriaran Nazioarteko Elkartasun Fundazioak. Twitter sare soziala erabiltzeko gonbita luzatua dute. #libertadpresosvascos hashtag-a erabiltzeko deia egin dute, honako egun eta orduotan: ostegun eta ostiral honetan gaueko 21:30etan eta larunbat eguerdiko 14:00etan. Aipatu etiketa, Trending topic bihurtzea da helburua. Baina sare soziala gehiagorako ematen ari da, larunbateko manifestaziorako #kolosala, #u7 eta #nibanoa etiketak ere erabiltzen ari baitira. Bestalde, n
orbanako zein eragileek bere atxikimendua adieraz diezaiokete larunbateko mobilizazioari, kolosalaizangoda.info web orrialdean.
Iturria: usurbileginez.com
Autobusak Bilbora
Euskal preso politikoen eskubideen alde larunbat honetarako, urtarrilaren 7rako Egin Dezagun Bidea bilguneak Bilbon deitu duen mobilizaziora joateko bi autobus antolatu dira Usurbilen. Bata, ITAYA Gazte Asanbladak antolatuta goizeko 11:30etan irtengo da. Bigarrena, ohiko orduan, bazkalostean Egin Dezagun Bidea bilguneko Usurbilgo taldeak antolatuta. Autobus hauetakoren batean joateko izena aldez aurretik eman behar da, ohiko tokietan.
Mobilizazioa arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Bilboko La Casillatik.