"Ogro Txikia" antzezlana, gaur 17:00etatik aurrera Sutegin

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 4a, 00:00

"Baso sakonean etxe bat, bidexkaren amaieran eskola bat, barazkiak gau eta egun. Odolaren usai gatzitua. Oilar axolagabea, azeria, otsoa, ehiztariak, umeak eta ogroak... Ogro txikia. Ogro txikiak izkin egingo dio bere patuari. Hiru froga gainditu beharko ditu ogro izaerari eta desio basatiei aurre egiteko. Aitarengandik jaso du haragi xamurrarenganako gogoa. Amak, aldiz, munduarekin bakean bizitzeko grina oparitu dio". Testuinguru honetan abiatzen da, "Ogro Txikia" Gorakada taldearen antzezlana. 

Gaur, urtarrilak 4, ikusgai izango da Sutegiko auditorioan, arratsaldeko 17:00etan hasita. Sarrerak 2 eurotan eros daitezke Oiardo Kiroldegian, edo 3 euroren truke egunean bertan. Iñake Irastorza, Aritza Rodriguez eta Javi Tirado antzezleek parte hartuko dute, Agurtzane Intxaurragak zuzendu eta 6 urtetik gorako haurrentzat izango den emanaldian.