Iluntzeko 19:30ak aldera helduko da Erregeen Kabalgata, frontoira

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 5a, 00:00

Errege Egunaren bezpera gaur, urtarrilak 5. Goizeko 11:30ak aldera iritsi dira ondoko irudian ageri direnak. Kaxkoa zeharkatu ostean eta gaur arratsaldean ospatuko den kabalgataren aurretik, etxeko txikienen gutun eta eskaerak biltzen aritu dira eguerdi parte honetan frontoian. Ziortza Gazte Elkarteak egoki apaindutako oholtza gainera igotzen joan dira pixkanaka, euren desioak betetzea eskatu nahi duten haurrak. Urtero moduan, haurrekin eta haiei laguntzen ari ziren senitartekoekin ilara luzea sortu da frontoian. 

Kabalgata, 17:30etatik aurrera
Iluntzear dela abiatuko da Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeen kabalgata. 17:30etan ekingo diote bideari, ohi bezala, Urdaiagatik. Kaxkoan amaituko dute ibilbidea. Iluntzeko 19:30etarako frontoira heltzea iragarria dute eta bertan ospatuko da azken ekitaldia. Aurreko urteen moduan, bidean eta helmugan, ez da gozokirik faltako.