Amaitzear da eguberrietako oporraldia, datorren astelehenekoa egunerokotasunera itzultzeko eguna izango da. Baina oraindik urte garai honetarako iragarria zegoen egitarauko zenbait hitzordu burutzeke daude. Batetik, Antxomolantxa Elkarteak Aginagako ludotekan antolatu dituzten txokoek zabalik jarraituko dute egunotan. Ostegun goiz honetan bakarrik ez, larunbat goizez ere, 10:00-13:30 artean irekita egongo da ludoteka.
Etzirako iragarria dute baita Gaztelekutik, eguberriotarako antolatua duten azken hitzordua. Sing Star eta Dardo Txapelketa burutuko dute Gaztelekuan bertan. 12-16 urte arteko gazte guztiek parte hartu ahal izango dute, urtarrilaren 7an, arratsaldeko 16:00etan hasiko den aipatu ekimenean.