Herritar mordoak izena eman du jada, larunbat honetan, euskal preso politiko eta iheslarien eskubideen alde Bilbon burutuko den mobilizazio orokorrera joateko Usurbildik irtengo diren autobusetan. "Euskal Herriak konponbidea nahi du" lemapean burutuko den mobilizaziora joateko, bi aukera egongo dira. Batetik, ITAYA Gazte Asanbladak autobusa antolatu du. Goizeko 11:30etan irtengo da Bordatxo aurreko errotonda paretik. Leku beretik abiatuko da bestalde, Egin Dezagun Bidea bilguneak antolatu duen autobusa ere. Bazkalostean, 15:30etan irtengo da. Autobus hauetakoren batean joan nahi duenak, izena aldez aurretik eman beharko du ohiko tokietan.
Bilbon deitua dagoen mobilizazio orokorra, arratsaldeko 17:30etan abiatuko da La Casillatik eta udaletxeko plazan amaituko da. Antolakuntzatik hedabideen bidez berri ematen ari direnez, Gose musika taldeko Ines Osinagak eta Jon Garaik hartuko dute hitza amaieran. Fermin Muguruzak bi abesti kantatuko ditu, Iñigo Muguruza, Xabi Solano, DZ (Zigor), eta Jon Tronekin batera. Ekitaldi berean parte hartuko du baita, Alaia Martin bertsolariak, eta bideo bat ere proiektatuko dute.
Inoizko mobilizazio jentsuena espero da Bilbon. Horren adierazgarri, ekimena antolatzen dabilen Egin Dezagun Bidea bilguneak eman berri dituen bi datu; gutxienez, 300 autobus helduko dira etzi Bilbora eta 15.000 atxikimendu jaso ditu mobilizazioak web orrialde honetan: kolosalaizangoda.info.
Twitterren aritzeko deia
Larunbateko manifestazioaren atari honetan bestalde, euskal preso politikoen aldeko beste deialdi bat egina du, kasu honetan, Pakito Arriaran Nazioarteko Elkartasun Fundazioak. Twitter sare soziala erabiltzeko gonbita luzatua dute. #libertadpresosvascos hashtag-a erabiltzeko deia egin dute, honako egun eta orduotan: ostegun eta ostiral honetan gaueko 21:30etan eta larunbat eguerdiko 14:00etan. Aipatu etiketa, Trending topic bihurtzea da helburua. Baina sare soziala gehiagorako ematen ari da, larunbateko manifestaziorako #kolosala, #u7 eta #nibanoa etiketak ere erabiltzen ari baitira. Bestalde, n
orbanako zein eragileek bere atxikimendua adieraz diezaiokete larunbateko mobilizazioari, kolosalaizangoda.info web orrialdean.
Iturria: usurbileginez.com