Lau autobus bete ziren larunbatean, Bilboko manifestaziora joateko

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 9a, 00:00

Aspaldi ikusi gabeko jendetza bildu zuen larunbatean, Egin Dezagun Bidea bilguneak Bilbon deitua zuen euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak. Hedabideen arabera, ehun mila herritar baino gehiagok parte hartu zuen, "Euskal Herriak konponbidea nahi du" lemapean burutu zen ekimenean. Usurbildik ere nabarmentzeko moduko herritar kopurua mugitu zen Bilbora. Batzuk autoz, eta beste asko, herrian antolatu ziren autobusetan joan ziren Bizkaiko hiriburura. Guztira lau autobus bete ziren; ITAYA Gazte Asanbladak antolatuta goizean irten zen bi pisuko autobus bat, eta bazkalostean, Egin Dezagun Bidea bilguneak antolatuta Bilborantz abiatu ziren beste hiru autobus. Presoak etxeratzeko aldarriek Bilbo hartu zuten, mundu bat bildu zen Bizkaiko hiriburuan.