San Sebastian bezperari begira daude jada, Udarregi ikastolakoak

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 10a, 00:00

Aste eta erdi baino ez da geratzen, urtarrilaren 20a iritsi eta San Sebastian eguna ospatzeko. Donostian edota Azpeitian 24 orduko festari hasiera eman aurretik ordea, bezperan, Usurbileraino helduko da danbor hotsen oihartzuna, Udarregi Ikastolako ikasleek danborrada emanaldia eskainiko dute eta hilaren 19an. Lehenik, Haur Hezkuntzakoak irtengo dira danborra jotzera. Ordu erdiko saioa eskainiko dute Agerialdeko atzeko jolastokian, arratsaldeko 15:45etan hasita. Ordu laurden beranduago, 16:00etan danborra jotzen hasiko dira Lehen Hezkuntzakoak. Bezperan danborrada emanaldia eskaini ostean, ikasle eta irakasleek jai eguna izango dute biharamunean, urtarrilaren 20an. 

Egoki jantzita
Eguberrietako oporretatik atzo itzuli ziren eguneroko zereginetara, Udarregi ikastolako ikasle eta irakasleak. Eta jada, San Sebastian bezperako prestaketa lanei ekin diete. Udarregi.com web orrialde bidez zabaltzen ari direnez, ikasleek danborrada saioetara nola jantzita joan behar duten gogorarazten dute. "Danborrada egunerako galtza urdina eta jertsea edo alkandora zuria jantzita ekar dezatela. Lepoan ere, baserritarraren zapia eraman beharko dute", berri eman dute ikastolatik.