Irteerak eginez eta herbarioen bidez sendabelarrak ezagutu, biltzeko garai egokiak noiz diren edota euren propietate eta atal erabilgarriak zeintzuk diren jakin nahi duenak, orain du horretarako aukera. Usurbiltzen Elkarteak sendabelarrei buruzko ikastaroa antolatu du. Ezagutzaz gain, sendabelarrekin zer presta daitekeen ere ikasteko aukera egongo da. "Klasean bertan preparatu desberdinak egingo dira; txanpua, xaboiak, ukenduak, landare estraktuak, olio sendagarriak...", iragarri dute Usurbiltzen-etik.
Ikastaroa urtarrilaren 28an hasiko da, hilabete honetako azken asteburuan. Hortik aurrera, klaseak larunbatera burutuko dira, goizez eta lau orduz, 9:30-13:30 artean, Santueneako fronto berriko lokalean. Saioak Laura Gurbindok zuzenduko ditu. Ekimenerako izena aldez aurretik eman behar da, 661 972 670 telefono zenbakira deituta edo usurbiltzen@gmail.com helbidera email bat bidalita. Informazio gehiago ere komunikazio bide hauetatik jaso daiteke. Antolakuntzatik berri eman dutenez, ikastaroko prezioa oraindik zehazteke dago.