Estatu espainiarrak eginiko bi estradizio eskaera direla eta, asteazken honetan Patxi Segurola herritarra epaitu dute Parisen. Usurbileginez.com web orrialdea berri ematen ari denez, 14:00ak aldera izan da epaiketa. Epaileak Segurolari adierazi dionez, espainiar estatuak eginiko bi estradizio eskaeren inguruko erabakia otsailaren 15ean jakinaraziko dio. Ordura arte, orain arteko egoera berean jarraitu beharko du aginagarrak; Autunen konfinatuta.
Epaiketak eman duenaren inguruko zehaztasun gehiago gaur iluntzeko 19:30etan Mikel Laboa plazan deitua dagoen elkarretaratzean emango dira. Modu honetan, egoera salatu eta elkartasuna adierazi nahi zaio Segurolari.
Urtebetetik gora konfinatuta
Estradizio eskaeraren berri joan den azaroaren 16an jaso zuen aginagarrak. Gai honengatik, Segurola epaitu duten hirugarren aldia da gaurkoa. Epaiketari begira, honakoa zioen aginagarrak, GARA egunkariak atzo argitaratu zuen elkarrizketan. "Panorama ez da batere erraza. Berez, Estatu frantsesean bizitzea debekatua dut, eta hirugarren herrialde bat aukeratzeko esan didate. Baina, nik nire buruan daukadan hirugarren herrialde hori Euskal Herria da", zioen Segurolak.
Frantziar estatuan jarri zioten espetxe zigorra 2010eko azaroan bete zuen arren, orain arte konfinatuta egon da aginagarra, Autun herrian, bere sorterritik 750 kilometrotara. Ezin izan du bertatik atera eta egunero bitan jendarmerian aurkeztu behar izan du.