Atzo eguerdian epaitu zuten Parisen Patxi Segurola herritarra, espainiar estatuak eginiko bi estradizio eskaera direla eta. Arratsaldean zabaldu zenez ordea, epaileak atzoko saioan ez zuen gai honen inguruko erabakirik hartu eta honenbestez, aginagarrak konfinatuta jarraitu beharko du Autunen otsailaren 15era arte. Egun horretan, hilabete barru beraz, jakinaraziko dio epaileak Segurolari estradizio eskaera hauen inguruko erabakia.
Aginagarrari elkartasuna adierazteko "Epaiketarik ez, Patxi askatu" lemaren inguruan elkarretaratzea burutu zen atzo iluntzean Mikel Laboa plazan. Bertan epaiketaren zehaztasun gehiago eman ziren. Antza, Fiskalak estatu espainiarraren bi estradizio eskaerak onartzea eskatu du. Epaileak eskaera hauek aintzakotzat hartuko balitu, Segurolak erabaki horren aurkako helegitea aurkezteko aukera izango luke, nahiz atzoko elkarretaratzean berri eman zenez, prozesu hau beste bizpahiru hilabetez luzatuko litzatekeen. Gainera, denbora tarte horretan, ezin da jakin zer egoeratan geratu litzatekeen aginagarra. Atxilotua izateko aukera ezin liteke baztertu, atzo aipatu zenez.
Edozein kasutan, tartean bestelako albisterik ez bada, otsailaren 15a izango da egun giltzarria. Segurolak epailearen aurrera agertu beharko du berriz, estradizio eskaerengatik laugarren aldiz. Bitartean, aipatu moduan, Autunen konfinatuta jarraitu beharko du, bertatik atera ezinik, sorterritik 750 kilometrotara. Aginagarrak 2010eko azaroan bete zuen frantziar estatuak jarri zion espetxe zigorra.
Usurbilgo Ezker Abertzaleak elkartasuna adierazi dio Segurolari. Usurbileginez.com web orrialde bidez adierazi dutenez, "une latzak bizi izan ditu eta bizitzen ari da Patxi. Bere etxetik ehundaka kilometrotara dago, senide eta lagunen goxotasunik gabe. Usurbilgo Ezker Abertzaleak Patxirekiko dagoen bidegebakeria salatzen du eta bide batez besarkada beroak eta maitasunezko muxuak bidaltzen dizkio. Eutsi!"