Udarregi Ikastolako eraikin berriaren egitasmoa aurrerabidean da. Beranduenez jota, datorren astelehenerako, urtarrilaren 16rako, arkitekto taldeak Exekuzio Oinarrizko Proiektua aurkeztuko dio ikastolari. Obretarako lizentzia ere eskatu dute Usurbilgo Udalean eta lanak hasteko data bat ere finkatua dago jada, aste honetako NOAUA!-n Udarregi Ikastolako lehendakari Joseba Pellejerori eginiko elkarrizketak jasotzen duenez. "Urrats asko eman ditugu dagoeneko eta aurreikuspenen arabera, 2012ko ekainean hasi behar da lur mugimenduekin", adierazi dio astekari honi.
Udako irakasle eta ikasleen oporraldia baliatu nahi dute modu horretan, obretako "lan handienak" bideratzeko. Baina ikastolatik ohartarazten dutenez, "izango dira tarte batzuk obrak eta klase emateak batera etorriko direnak; izan ere, Agerialdeko eraikinean eta patioan zenbait obra eta eskuhartze egin behar baita". Edozein kasutan, ahalik eta deserosotasun gutxiena eragiteko obretako plangintza egokitu eta beharrezko segurtasun neurriak hartuko direla berri eman dute Udarregi Ikastolatik.
Ziklo bakoitza eraikin batean
Etorkizunean, hiru eraikin izango ditu Udarregi Ikastolak, ikasketa ziklo bakoitzerako bana. Agerialde ondoan kokatuko den eraikin berria Haur Hezkuntzako ziklora bideratuko da. "Helburua da, 0-6 adin tramuko haurrak gune berean egotea; eta hain zuzen ere, 4 solairutako eraikin berrian egongo lirateke 0-3 eta 3-6 adinetako haurrak", adierazi dio Pellejerok NOAUA!-ri. Jangela berria izango du Udarregi Ikastolak eta eraikin honetan kokatuko da.Egun Agerialde bezala ezagutzen dugun eraikina Lehen Hezkuntzako zikloarentzat geratuko litzateke eta DBHko ikasleak Gernika Ibilbideko eraikin gorrian bilduko dira.