Eraikin berriko egitasmoa gauzatzeko laguntza bila mugitzen hasiak dira Udarregi Ikastolakoak. NOAUA!-ri berri eman diotenez, bi urte barruko, 2014. urteko Gipuzkoako Ikastolen aldeko Kilometroak jaia Usurbilen ospatzeko eskaera bideratu dute jada Ikastolen Elkartean. Horrez gain, Onura Sozialeko Erakundeek Inbertsio deialdietara, diru-laguntzak jasotzeko eskaria aurkeztuko dute. "Erronka handia izanik ere, ilusioa pizteko akuilu ere bada; alde honetatik guztion bultzadarekin lortuko dugula sinesten dugu", adierazi dute ikastolatik.
Laguntza eta elkarlanerako deia
Kilometroak Usurbilen ospatzea egokituko balitz ere, aldez aurretik ekimen desberdinak antolatzeko asmotan direla berri eman dute Udarregi Ikastolatik. "Alde batetik, proiektua herritarrarazi eta ezagutarazi nahi dugu, eta bestetik, diru-laguntzak biltzen joan apurka-apurka", adierazi du ikastolako lehendari Joseba Pellejerok.
NOAUA!-k joan den abenduaren 18an antolaturiko Santo Tomas azokan parte hartu zuten. Ikastolako eraikin berriaren maketa eta planoak ikusgai jarri zituzten frontoian, ikastolaren ibilbidea jasotzen zuen esku-orria banatu eta bi otar zozketatzearekin batera. Aipatu moduan, ekimen gehiago antolatzekotan dira, baina euren esanetan, "gustatuko litzaiguke beti sentitu ohi dugun hurbiltasuna oraingo honetan ere sentitzea herritarrengandik".
Udalaren gertutasuna, ez hainbeste Jaurlaritzarena
Euren esanetan, 44 urteetako ibilbidea ez baita ulertzen "ikastolaren proiektua babestu eta horretan inplikatu diren herritarrik gabe". Aurrera begira ere, herriak behar duen ikastola eraikitzen jarraitzeko asmoa dutela gaineratzen dute. Aipatu moduan, herritarren laguntza ezinbestekotzat jotzen dute baina baita erakundeena ere. "Zalantzarik gabe instituzioen laguntza, eta erantsiko genuke, ardura, ezinbestekoak zaizkigu". Zentzu horretan, Udalaren inplikazioa nabarmentzen dute. "Udalak laguntza handia eman dio hastapenetatik ikastolari eta garaian garaiko obrak, nahiz mantenu, hainbat hornitze eta garbiketa, udalaren gain egon dira", adierazi dute ikastolatik.
Eusko Jaurlaritzaren jarrera bestelakoa izan dela nabarmentzen dute. "Hezkuntza Sailaren erantzuna ezkorra izan da, eta krisi garaiotan egonik, epe motzera honelako inbertsioetan sartzeko asmorik ez duela aurreikusten entzun diogu", gaineratu dute.