Egun, 0-16 urte arteko 783 ikasle ditu Udarregi Ikastolak eta kopurua urtetik urtera gorantz doa. 2 lerrotik 3 lerroko ikastola izatera igarotzen ari da Udarregi. Honi guztiari, azken urteotan Usurbilen izan den demografia hazkundea edota Haur Eskolaren kudeaketa Udarregik bere gain hartu duela gaineratzen bada, eraikin berririk gabe etorkizuna kezkatzeko modukoa litzateela ohartarazten dute ikastolatik. "Ikastolak, eraikin berria egiteari ezin dio muzin egin, toki gabezi larrian baikaude", adierazi du lehendakari Joseba Pellejerok.
Auditoria, pasa berria
Testuinguru honetan, beharrak zein diren jakinda eta eraikin berriaren egitasmoa gauzatzeko bidean, Udarregi Ikastolakoek hainbat pauso eman dituzte azken hileotan. Ekainean burutu zen Batzar Orokorrean egitasmoari bultzada emateko beharra zegoela nabarmendu zuten. Ildo horretatik eta Artezkaritza Kontseiluak erabakita, uztailera bitartean, arkitektoak kontratatzeko lehen pausoak eman ziren. Udako hilabeteetan zehar, arkitekto taldea lanean aritu zen. Irailean, ikastolak buruturiko beste batzar batean, eraikinaren aurreproiektua ikusgai jarri eta arkitektoak azalpenak eman zituen.
Eraikin berriaren egitasmoa gauzatzeko eman berri diren pausoak zehaztu dizkio NOAUA!-ri, Pellejerok: "Bideragarritasun plana landu du Ikastolen Elkarteko Partaiderekin eta finantza entitateen aurrera joateko auditoria pasa berri du, erantzun positiboa jasoz auditore-enpresaren aldetik".