Azpiegitura handien aurkako manifestazioa, otsailaren 4an Donostian

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 16a, 00:00

Gipuzkoarako aurreikusiak dauden azpiegitura handien aurkako manifestazioa deitu dute Donostian, otsailaren 4rako. Arratsaldeko 17:30etan irtengo da Donostiako Bulebarretik. Besteak beste, proiektuotako lanak geraraztea eskatu nahi dute aipatu mobilizazioaren bidez: Zubietako erraustegi eta makrokartzela, Abiadura Handiko Trena, Jaizkibelgo superportua, Hondarribiko aireportuaren handitzea edota zenbait saihesbideetako lanak hain zuzen. Deialdirako hautatu duten lemak proiektuok geldiaraztea eskatu eta ingurumenean zein herritarren bizi baldintzen errespetuan oinarrituriko aldaketa sozialaren aldeko mezua ere jasoko duela iragarri dute, joan den ostiralean burutu zen aurkezpen ekitaldian.

Errausketaren aurkako eragileak, deitzaileen artean
Ingurumena gogor erasotzen ari diren proiektuok salatzeaz gain,"enpresen interesen" alde, egitasmook eragiten ari diren galera ekonomikoaz ere ohartarazi nahi izan zuten, are gehiago, egun bizi dugun "krisi ekonomiko sakonaren testuinguruan".   

Manifestazioa deitu dutenak honakoak dira: Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea, Gipuzkoa Zero Zabor, AHT Gelditu! Elkarlana, AHTren Aurkako Asanblada, Jaizkibelgo Superportuaren Aurkako Taldea; EHNE sindikatua, PTPren aurkako Oiartzungo taldea eta Mutriku Natur Taldea. 

Ekimenak, manifestazioren aurretik
Mobilizazioari atxikimendua adierazi diote bestalde: Ezker Abertzaleak, Aralarrek, Alternatibak eta Ezker Anitza-IU, EPK-PCE alderdiek. Baita sindikatu eta taldeok ere; LAB, CNT, CGT-LKN, ESK, 15-M, Ekologistak Martxan, Eguzki, Antikapitalistak, Gorripidea eta Lizargorri taldeek. Herrialderako iragarriak dauden proiektu handiek kaltetuko dituzten bizilagun eta taldeak, mugimendu eta eragile sozial, ekologista, sindikatu eta alderdi politikoak, edota atxikimendua adierazi nahi duten udalei manifestazioan parte hartzera deitu diete. Otsailaren 4aren aurretik, asteotan mozioak aurkeztekoak dira udaletan, han eta hemen mahai inguru eta eztabaida saioak antolatuko dira, eta proiektu handiok kaltetuko dituzten zonaldeetara martxak ere iragarriko dira.