Elkartasun Eguna burutu zen atzo Larresoron. 70 errefuxiatuk parte hartu zuten iragarriak zeuden hitzorduen artean izan zen ekitaldi politikoan; tartean zen herritar bat ere, Xabier Ezkerra. Berak irakurri zuen hain zuzen, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak sinatu eta atzo bertan ezagutzera eman zuten komunikatua. Aipatu testuan adierazten dutenez, "euskal herritarrek argi bezain garbi adierazi dute-azkenekoz, joan den urtarrilaren 7an Bilbon izandako manifestazio erraldoian- euskal presoen eta iheslarien etxeratzea atzera ezin daitekeen erronka dela. Iheslarien Kolektiboak ere horrela ulertu du eta, horrenbestez, bere jarduera helburu horri lotuko dio, ETAk eta gobernuek osatu beharreko mahaian adostu behar diren aterabideei babesa emanez edota aldebakartasunetik urratsak eginez, betiere konponbide prozesu integrala elikatzeko eta ahal bezain beste aurreratzeko asmoarekin".
Elkarrizketarako deia Estatuei
Beste aro bat irekitzen ahalegintzen ari direnekin bat egiten dute eta babes zein konpromisoa osoa adierazi, "Euskal Herrian irekitako ibilbide berriari". Bide horretan, ETAk emaniko urratsa erabakigarritzat jotzen dute, baina euren esanetan "ez da nahikoa. Horregatik egin diegu dei estatuei errepresio neurri berezi oro eten dezaten eta gatazkaren ondorioak konpontzeko luze gabe ETArekin elkarrizketa abia dezaten".
Atzera begira ere jarri ziren. Hamarkada hauetan jasandako eskubide ukapen eta gerra zikina gogora ekartzearekin batera, joanak direnen bizitza ahotan hartu zuten, eta komunikatuak jasotzen duenez, haiek "utzitako ondareari eta pilatutako altxorrari esker, hementxe gaude, zutik, geroari esperantzaz so eginez, askatasuna eskuratuko dugun konfiantzarekin".
Iturria: GARA.