Mitologia, inauteri festarako aukeraturiko gaia

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 17a, 00:00

Usurbilgo 2012ko inauterietarako gaia proposatu da jada; aurtengorako aukeraturikoa, mitologia da. Gai zabala inondik ere. Euskal Herrian pentsa zenbat pertsonaia ditugun; Mari, Tartalo, basajaunak, lamiak... Gure mugetatik kanpo ere, bada non aukeratua. Gaia erabakita, orain irudimena lantzen hasteko garaia da. Mozorroa prestatzeko hilabete eskas geratzen da, aurtengo inauteri festa otsailaren 18an ospatuko da eta.

NOAUA! Kultur Elkartea, Zumarte Musika Eskola, Gaztelekua, herriko koadrilak eta ITAYA Gazte Asanbladarekin, datorren hileko hirugarren larunbaterako ekimenak zehazten ari da. Jada aurreratu daitekeenez, oraingoan ere aurreko urteetako bi osagai nagusi izango ditu mozorro festak; musika eta afaria. Kalean, kalejiran, mozorrotuta eta dantza batean ospatuko dira inauteriak Usurbilen. Eta nahi duenak, eguna otordu baten bueltan borobildu ahal izango du. Zehaztasun gehiago, datozen asteotan. Denbora bada oraindik, baina adi, konturatzerako ate joka dugu otsailaren 18ko inauteri festa.