Web orri honetan atzo jakitera eman genuen moduan, mitologia da datorren inauteri festarako Usurbilen mozorrotzeko proposatu eta hautatu den gaia. Otsailaren 18an burutuko dira ospakizunak. Ez da faltako musikarik, dantza egiteko aukerarik, guztia kalejira giro ederrean, eta eguerdi partetik aurrera.
Inauterietarako ekimenak antolatzen ari direnen artean daude baita, Gaztelekukoak ere. Festa bat burutuko dute otsaileko hirugarren larunbatean. Egunotan ekimenaren zehaztasunak lotzen dabiltza, 12-16 urte arteko gazteak biltzen dituen guneko kideak.
Eguberriak duela aste gutxi amaituta inauteriei begira jarri dira beraz, Gaztelekukoak. Gabonetan ere hainbat ekintza bideratu zituzten, DBH 1,2,3 eta 4.mailako ikasleentzat. Besteak beste, Donostiako Txuri Urdin izotz jauregira irteera burutu zuten, baita Bilbora ere. Urbileko zinemara ere gerturatu ziren. Eta hainbat txapelketatan parte hartzeko aukera ere eskaini zuten; futbola, dardoak, TWIST txapelketa... Bideratu zituzten ekintza guztien adibide bat da ondoko irudia. Realaren Zubietako entrenamendu saio bat ikustera joan zirenekoa.
Irudia: Gaztelekua.