Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak hilabeteko azken larunbateko kantu-jira ospatuko du urtarrilaren 28an. Ohiko hitzordua mantenduko du; kantu zaleak, iluntzeko 19:00etan abiatuko dira Mikel Laboa plazatik. Deialdi honez gain, egunotan, urteetako tradizioari segida emango dion beste ekimen baten prestaketa lanetan murgilduak dabiltza.
Hain zuzen, Bota Punttuba Bertso Eskolako kideekin elkarlanean, Santa Ageda bezperako kantu eskea antolatzen baitabiltza Kantu Taldekoak. Otsailaren 4ko kalejira prestatzeko entsegu saioa deitu dute urtarrilaren 31rako. Ordubetez bilduko dira Udarregi ikastolan, iluntzeko 18:30etatik aurrera. Parte hartzeko gonbita luzatzen diete herritarrei: “Animatu zaitez eta etorri ohiko ohitura zaharra bultzatuz elkarrekin ongi pasatzera”.