Mitologia, datozen Inauterietan mozorrotzeko gaia

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 20a, 00:00

Mitologia da urte honetako Inauterietarako hautatu den mozorrotzeko gaia. Oraindik hilabete pasatxo falta den arren, prestaketa lanekin hasteko garaia da. Konturatzeko gainean izango baitugu 2012ko festa; aurten, otsailaren 18an.

Olinpiar jokoak, zirkoa, itsasoa… Eta oraingoan mitologia, horixe da datozen inauterietarako hautatu den gaia. Nola mozorrotu erabakitzeko zailtasunak dituenak, gomendio moduan sarean sartu edota mitologiari buruzko libururen bat eskuratzea du onena. Hainbat ideien iturri izan liteke Interneten edota paperean jaso daitekeen informazioa.

Mari, Tartalo, basajaunak...
Burua nekatzen hasi eta esku lanekin hasteko garaia da beraz. Otsailaren 18an, mitologiak Usurbil hartuko du. Urtero moduan, edizio honetako gaia ere zabala da. Gertutik hasita, Euskal Herriko mitologiak hainbat pertsonaietaz janzteko aukera ematen du; hor dugu Mari, Tartalo, basajaunak, lamiak… Gure mugetatik kanpo ere, gai honek ere askorako eman dezake.

Egitaraua lotzen
NOAUA! Kultur Elkartea, Zumarte Musika Eskola, herriko zenbait koadrila eta ITAYA Gazte Asanbladaren laguntzaz antolatzen ari den Inauteri Festaren egitaraua egunotan lotzen dabil. Baina jada iragarri daitekeenez, aurreko urteetan bezala, mozorro festan ez da faltako musikarik, ezta otordu baten bueltan biltzeko aukerarik ere. Nobedadetik ere bada aurtengoan. Zehaztasun gehiagoren berri, datozen asteotan.