Haragia edo arraina paper batean bilduta plastikozko poltsa batean etxera eramatea iraganeko kontua izatera igaro daiteke egun gutxiren buruan, Usurbilgo Udalak, Hurbilago Elkarteak, Usurbil Zero Zaborrek, zenbait saltokik eta Kutxa Ekoguneak elkarlanean bultzaturiko egitasmoari esker. Aipatu produktuak erosterakoan, egoki jasotzeko ontzi berrerabilgarriak doan banatuko dituzte asteotan. Mila ontzi guztira, eskuratzeko interesa duten herritarren artean. Ontzi bana buruko.
Eragileen esanetan, abantailak baino ez ditu egitasmo berri honek. Ontzia eskuratu eta erosketetarako erabiltzen duenak, hilero 30 euroko erosketa balearen zozketan parte hartu ahal izango du. Erosketak egin eta arraina edo haragia etxera eramaterakoan, erosotasuna eta garbitasuna dira, ontziok erabiltzeak aldeko dituzten beste bi ezaugarriak. Eta noski, garrantzitsuena, ontziak erabiltzeak hondakinak murriztea dakar. Haragia edo arraina bildu eta jasotzeko plastiko edo paper gutxiago erabiltzea alegia.
"Ontziratu zaitez!" izeneko kanpainaren baitan egingo da ontzion banaketa. Egitasmoa, bihar bazkalostean aurkeztuko da Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan. Gai honi buruzko informazio gehiago, ekogunea.net web orrialdean jaso daiteke. Egitasmoaren bultzatzaileek berri eman dutenez, beste 50.000 ontzi prest dira datozen hilabeteotan interesa duten beste udalerrietan banatzeko.
Banaketa egunak
-Urtarrilak 28, larunbata: 11:30-13:30 Dema plazan.
-Urtarrilak 31, asteartea: denda ordutegietan, Juantxo Burdindenda eta Esnaola Etxabe eta Imanol Txapartegi harategietan.
-Otsailak 4, larunbata: 11:30-13:30 Dema plazan.
Egitasmoaren eragileak
-Usurbilgo Udala.
-Kutxa Ekogunea.
-Hurbilago Elkartea.
-Usurbil Zero Zabor.
-Saltoki hauek: Mikel arrandegia, Pello arrandegia, Alkorta harategia, Arruti harategia, Artzabal supermerkatua, Esnaola Etxabe harategia, Imanol Txapartegi harategia eta Otar Goxo harategia.