Espainiar estatuak eginak dituen estradizio eskaerak direla eta, laugarrenez epaituko dute Patxi Segurola, otsailaren 15ean Parisen. Egun horretan, epaileak estradizio eskaera hauen aurreko erabakia jakinaraziko dio aginagarrari. Horregatik, epaiketa egunean elkartasuna eta babesa adierazteko, Pasiera joateko autobusa antolatu du Usurbilgo Ezker Abertzaleak. Frantziar estatuko hiriburu nagusira autobusez joateko izen emate orriak honako lekuotan jarri dituzte; Kaxkoan, Txiribogan eta Bordatxon. Aginagan, bertako Arrate zahar egoitzan.
Antolatzaileek aditzera eman dutenez, Parisera joateko irteerari buruzko zehaztasunen berri, datorren astean emango dute.
Egun berean, Karlos Martin aske
Patxi Segurola epaituko duten egun berean aske geratuko da Karlos Martin. Urriaren 28an atxilotu zutenetik, jarri zioten zigorra kitatzeko geratzen zitzaion 108 eguneko espetxealdia betetzen ari da Martin, Martuteneko kartzelan. Usurbilgo Ezker Abertzaletik gogorarazten dutenez, "2003ko urriaren 8an atxilotu zuen lehen aldiz Poliziak, bere etxean. Hiru urte eskas espetxean eman zituen, 2006ko ekainaren 23an fidantzapean aske geratu zen arte. 2009ko abenduan epaitu zuten eta 7 urteko kondena jaso zuen, helegitea tartekatu ostean, Epaitegi Gorenak hiru urtetan utzi zituenak, 2011ko otsailean. 2011ko urriaren 28tik geratzen zitzaizkion hiru hilabeteak kunplitzen ari da".
Ostiralean, elkarretaratzea
Hilabeteko azken ostiralarekin batera, urtarrilaren 27 honetan euskal preso politikoen eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea burutuko da Mikel Laboa plazan, iluntzeko 20:00etatik aurrera. Joan den udazkenaz geroztik, Egin Dezagun Bidea ekimenak bideratzen ditu hitzorduok. Bilguneak proposatutakoarekin bat eginez, hilero herriko talde batek antolatuko du presoen eskubideen aldeko mobilizazioa. Azaroa amaierakoa, ITAYA Gazte Asanbladak deitu zuen. Oraingoan, Usurbilen Nahi Ditugu taldekoek hartuko dute lekukoa. “Gu ere ekimenaren partaide garen aldetik, hil honetakoa guk deituko dugu”, adierazi dute.