"Ontziratu zaitez!" kanpaina hasteko, 3 egun falta dira

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 25a, 00:00

Prentsaurrekoan aurkeztu zen atzo, hondakinak murrizten laguntzea helburu izan eta, Kutxak, Usurbilgo Udalak, Hurbilago Elkarteak, hainbat saltokiek eta Usurbil Zero Zaborrek bultzatzen duten “Ontziratu zaitez!” kanpaina. Hiru egun baino ez dira falta martxan jartzeko eta herritarrak parte hartzera deitzen dituzte. Kanpaina honen baitan, erositako arraina edo haragia gordetzeko 1.000 “tupper” edo ontzi banatuko dira herritarren artean. Etxebizitza bakoitzeko ontzi bat jaso ahal izango da. Ontzia koloretakoa da, aurkezpen prentsaurrekoan, Otazok zehaztu zuenez, “tinta ekologikoak” dituena, kolore berdekoa, birziklagarri, berrerabilgarri eta jasangarria, hozkailuan edo mikrouhin labean sartzeko egokitua dagoena. 


Modu honetan, aipatu jakiak erostera goazenean, produktuok biltzeko erabiltzen diren hainbeste paper eta plastikozko poltsak saihestu nahi dira. Hondakinak murrizten lagundu nahi du “Ontziratu zaitez!” kanpainak. Baina beste zenbait abantaila ere ekarriko ditu, garbitasuna eta erosotasuna esaterako. Produktuak erraz erosi, gorde eta garraiatu ahal izango dira arrandegi edo harategitik etxera, atzoko prentsaurrekoan, Kutxako ordezkari Amaia Otazok gogorarazten zuenez. Bere esanetan, ekimen berri honek badakar bestelako irabazirik ere saltzaileentzat. Erosleen artean “tuperrak” erabiltzeko ohitura hedatzen doan neurrian, plastikozko poltsa eta paperen erabilera murriztuz joango da eta honenbestez, ekonomikoki dirua aurreztea lortuko dute. Gainerako eragileei, baina modu berezian, kanpainarekin bat egin duten saltokietako langileei eskerrak adierazi nahi izan zizkien Otazok, eurak direlako bere esanetan, kanpainako “erantzule nagusiak eta erabiltzaileekin kontaktu zuzena" dutenak. 

Zozketak hilero 
Saltzaileak izango dira hain zuzen, kanpaina honekin lotuta bezeroen artean burutuko diren zozketak bideratuko dituztenak. Hilero “Ontziratu zaitez!” egitasmoarekin bat egin duten saltoki bakoitzean 30 euroko erosketa-saria zozketatuko da, “tupper” bat, kanpainan lorturikoa izan edo ez, erabiltzen duten erosleen artean. Horixe da hain zuzen, denda hauen eta Hurbilago Usurbilgo Ostalari eta Merkatari Elkartearen helburua. Elkarteko lehendakari Patxi Iparragirrek atzoko aurkezpen ekitaldian zioen moduan, “tupper-en erabilera saritzea”. 

“Beste urrats bat” 
Martxan jartzear den egitasmo berri hau, ezinbesteko aurrerapausotzat jotzen du Usurbilgo Udaleko Ingurumen Sailak. Alor honetako udal ordezkari Jose Maria Rivadeneyrak atzoko aurkezpen ekitaldian zioenez, ekimen hau, “beste urrats bat da, hondakinen kudeaketa arrazional batean”. Kasu honetan murrizketari loturiko ekimena da, hondakinak kudeatzerakoan lehentasuna izan behar duena, bere esanetan, berrerabilera eta birziklapena bultzatu aurretik. 

BANAKETA EGUNAK: urtarrilaren 28tik otsailaren 4ra 
-Urtarrilak 28, larunbata: 11:30-13:30 artean Dema plazan. 
-Urtarrilaren 30etik otsailaren 3ra: denden ordutegian; Kaxkoan, Juantxo Burdindendan; Aginagan, Imanol Txapartegi harategian; eta Santuenean, Esnaola Etxabe harategian. 
-Otsailak 4, larunbata: 11:30-13:30 artean Dema plazan. 

EGITASMOKO ERAGILEAK 
-Usurbilgo Udala. 
-Kutxa Ekogunea. 
-Hurbilago Elkartea. 
-Usurbil Zero Zabor. 
-Saltoki hauek: Mikel arrandegia, Pello arrandegia, Alkorta harategia, Arruti harategia, Artzabal supermerkatua, Esnaola Etxabe harategia, Imanol Txapartegi harategia eta Otar Goxo harategia.