Kale giroan ospatuko da aurten ere, oraingoan otsailaren 18an egokitu den Inauteri Festa. NOAUA! Kultur Elkarteak, Zumarte Musika Eskola, Gaztelekua eta zenbait koadrilen ekarpenekin zehaztua ditu egun horretarako hitzordu nagusiak. Azken urteotan bezala, bi txaranga taldeek alaituko dute datorren hileko hirugarren larunbata; eguerdi partean, Zumartxan Zumarte Musika Eskolako kideek eta iluntzean, Burrunbazale txarangak.
Gaia, mitologia
Bat baino gehiago, honez gero, mozorroa diseinatzen ariko da, edota zer nolako itxura eman pentsatzen. Hilabete baino gutxiago geratzen da Inauteri Festarako. Otsailaren 18rako aukeraturiko gaia, mitologia da. Eta horren inguruko festa antolatu dute Gaztelekuan. Hortxe, aurtengorako berrikuntzetako bat. 12-16 urte arteko gazteek, hilaren 18an, bazkalostean festa giroa izango dute Gaztelekuan.