Oiardo Kiroldegiko abonu ordainketak egiteko garaia

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 25a, 00:00

Urte berri hasiera honetan, ohi bezala, Oiardo Kiroldegiko abonatuek Usurbilgo Kirol Patronatutiko eskutitza jaso dute egunotan. Bertan 2012rako bazkidetzen taula ageri da, Kiroldegian aukeran dauden abonatu motak, eta kasuan kasuko prezioak. Jarraian ohartarazten dutenez, “zure azkeneko abonu mota aldatu nahi izanez gero, kiroldegira agertu behar izan gabe, urtarrilaren 27a baino lehen jakinarazten badiguzu nahikoa izango da. Adierazpenik ezean, orain arte bezala jarraitu nahi duzula ulertuko dugu. Behar izanez gero, abonuaren ordainketan erraztasunak emate aldera, ordainketa erak adosteko prest gaude. Jakin ezazu denon parte hartzea beharrezko zaigula gauzak txukun emate aldera. Urteberrion”. 


Abonatuek, ostiral honetara arteko tartea dute beraz, euren bazkidetzetan aldaketarik egin nahi duenak horren berri emateko. Nahi duenak Kiroldegira gerturatuta, edo bestela, 943 372 498 telefono zenbakira deitu edo kirolpat@usurbil.net helbidera e-mail bat bidalita. 

Esku orria 
Oiardo Kiroldegiko abonatuek, erabiltzaile txartelarekin, Lasarte-Oria, Urnieta eta Andoaingo kirol instalakuntzetara ere joateko aukera dute, abonuen inguruko informazioarekin batera, Kirol Patronatuak bazkideen artean banatu duen esku orriak jaso eta gogorarazten duenez. 

Bertan gainera, 2012an aipatu lau udalerriotako kirol instalakuntzak zein egunetan itxiko dituzten ere zehazten da. Usurbilen, Oiardo Kiroldegia itxita egongo da: uztailaren 2an, 3an eta hilaren 23tik abuztuaren 5era; abuztuaren 12an, 15ean eta 19an, eta hil bereko 11n eta 18an arratsaldez. Baita abenduaren 24, 25 eta 31n ere. Gainerako egunetan irekita egongo da Usurbilgo Kiroldegia. 

Informazio gehiago: buruntzaldea.org