Autokonpostaje komunitarioan izen emateko aukera, datozen bi larunbatetan

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 25a, 00:00

Arraina eta haragia jasotzeko ontziak Dema plazan banatuko dituzten hitzorduetan, urtarrilaren 28an eta otsailaren 4an alegia, Usurbil Zero Zabor bilguneko kideak egongo dira. Datozen bi larunbat hauetan, ontzia eskuratzearekin batera, udazkenaz geroztik Usurbilgo Udaleko Ingurumen Sailak martxan jarritako autokonpostatze komunitarioaren egitasmoan izen emateko aukera izango dute herritarrek, Dema plazara gerturatuta. 


Gaur egun, Artzabalen martxan da zati organikoa ongarrian bihurtzeko ahalegina egiten duen inguruko bizilagun talde baten esperientzia. Baina laster halako gune gehiago irekiko dira, Kaxko inguruan. Aipatu moduan, autokonpostatze komunitarioan izen emateko aukera egongo datozen bi larunbatetan, Dema plazara gerturatuta, 11:30-13:30 artean. 

Konpostaje komunitarioa 
Zati organikoa etxean autokonpostatu ezin dutenek, berau birziklatzeko badute bigarren aukera bat; duela hilabete batzuetatik Usurbilgo Udalak eta Usurbil Zero Zaborrek abian duten konpostaje komunitarioaren egitasmoan parte har dezakete. Helburua, autokonpostajea burutu ezin den eremuetan ere zati organikoa ongarrian bihurtzea litzateke. 

Konpostatze komunitarioa egiteko bizilagun taldea osatu behar da, eta taldea osatutakoan, Udalak eurei herriko gune bat proposatuko die, konpostajea egin dezaten. Gero Udalak egokituko du gunea; itxitura batekin, zoladura egokiarekin eta 150 litroko beharrezko konpostatzaileak ere jarriko ditu. Taldeak konpostatzeari buruzko ikastaro bat egin beharko du, eta arduradun bat izendatu. Gero, konpostatze komunitarioan lorturiko ongarria erabiltzaileek euren etxeetan baliatu ahal izango dute. Bestela, Usurbilgo Udaleko zerbitzuek hartuko lukete. Konpostatze komunitarioan parte hartzen duten herritarrei %40ko hobaria aplikatuko zaie tasetan. Interesa duten herritarrek Atez Ateko bulegoan edota udaletxean bertan ere izena eman dezakete. Ondoko irudian, Artzabalgo autokonpostatze komunitarioko esperientzia gunea.