Usurbil, ontziak banatuko dituen Gipuzkoako seigarren udalerria

Noaua Aldizkaria 2012ko urt. 25a, 00:00

Haragia edo arraina jasotzeko ontzi berrerabilgarrien banaketa egitasmo bat martxan jartzen duen seigarren udalerria da Usurbil. Kanpaina hau estreinakoz Hernanin burutu zuten duela ia urtebete eta herritarren artean izan zuen harrera arrakastatsua ikusita, ekimenarekin jarraitzea erabaki zuten, atzoko prentsaurrekoan adierazi zutenez. Hartara, gerora etorri ziren, Donostiako San Martin merkatuan, Sasieta Mankomunitateko udalerri diren Itsasondon eta Ordizian (proiektua Mankomunitate osora hedatzeko asmotan dira), eta Villabonan abian jarritako esperientziak. Aipatu moduan, orain Usurbilen burutuko dena, larunbat honetan, urtarrilaren 28an hasi eta otsailaren 4ra arte. Eta kanpainako eragileek berri eman dutenez, beste 50.000 ontzi eskatu dituzte jada, hurrengo hilabeteetan interesa duten gainerako udalerrietan banatzeko. Horixe da hain zuzen, euren asmoa, oraingoz abian dauden sei udalerrietako esperientziak Gipuzkoa osora hedatzea. 


Egitasmoari buruzko informazio gehiago nahi duenak helbideotan jaso dezake: ekogunea.net; facebook.com/ekogunea; @ekogunea